Aitor Bengoetxea: "Denen ekarpena behar dugu Sanagustinen"

2011/08/02
Aitor Bengoetxea: "Denen ekarpena behar dugu Sanagustinen"
Kultur Mahaiak hartu du jada Sanagustinen kudeaketa. Kulturgune erreferentzial bihurtzea dute orain erronka, “bizia eta dinamikoa”. "Egunero irekita egongo da, horrek diru-iturri bat suposatzen du, eta dirua bertan inbertituko da beti; irabazi asmorik gabeko proiektua da, autogestio formula bat. Kudeaketa eskaintza guztian nabarmenduko da". (Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak elkarrizketa egin dio kulturguneko koordinatzaileari abuztuko zenbakian )

Sanagustin kulturgune osatua uztailaren 22an jarri zen abian. Lau egun lehenago, estreinaldi horren bezperetako lanen eta azken ukituen buruhausteen artean egon zen Uztarriarekin Aitor Bengoetxea Ondarru Sanagustineko kooperatibaren koordinatzaileari. Lanez eta kezkaz gainezka, baina ilusioa eragiten dion proiektuari ekiteko gogoz.

Zer balorazio egiten duzue orain artekoaz?

Balorazioa positiboa da, azkenean lortu dugulako herrian kulturaren erakusleiho izango den tresna bat, Azpeitian aspalditik behar zena. Orain tresna hori zaindu eta elikatu egin behar da. Irekierarekin ez da eraikinaren bizitza bukatzen, hasi egiten da. Denetariko emanaldiak egin dira. Kudeaketa Udalaren esku egon da, Kultur Mahaiaren laguntzarekin. Modu probisionalean egon da eta, zegoen moduan egoteko, nahiko ondo funtzionatu duela uste dut. Neurria hartzen ibili gara, eta neurri-hartze horretan zaplastekoak hartzen dituzu, batetik eta bestetik, karrilean sartu arte.

Herriko talde asko pasatu dira hilabeteotan Sanagustinetik. Zer balorazio jaso duzue haiengandik?

Gauza asko kalean, arkupetan, hotza pasatzen eta bitarteko nahiko xumeekin egitera ohituta daudela kontuan hartu behar dugu. Hortik pixka bat baldintza hobeetara pasatu dira eta hori erronka izan da guztiontzat, baita taldeentzat ere. Bitarteko gehiago izanda, taldeek ere gehiago ematen dute, gehiago prestatzen dute emanaldia, gehiago entseatzen dute; anbizioa, modu sanoan ulertuta, gehiago pizten zaie. Bitarteko txukunak daudenean, jendeak beste jarrera bat hartzen du. Balorazioaz beraiei galdetzea hobe, baina nik jaso dudana oso ona izan da. Taldeek prestutasun handia erakutsi dute, ireki zen unetik. Zazpi hilabetetan, talde guztiak ez dira pasatu, baina asko bai.

Eta ikusleen harrera?

Jendeak bazeukan horrelako gune baten gogoa eta beharra. Hor hiru elementu daude, hartzailea, igorlea eta mezua, eta lotuta daude: igorlea gustura, mezua txukunago bidaltzea izan duelako; eta hartzaileak, herriak, ikus-entzuleak, harrera oso ona egin dio. Askotan bete da; baita jendea kanpoan gelditu ere, edukiera kontuengatik. Erantzuna, normalean, oso txukuna izan da. Sanagustinek halako iman bat ere badu: herriaren erdi-erdian, jendeak espazio horrekiko lehendik ere baduen lotura... Gainera, jendea zorrotz ere azaldu da alde batetik, esijituz; eta pozten naiz, hemen esijitu egin behar da, diru publikoa delako, herriarena eta herriarentzako, eta gauzak ahalik eta txukunen egin behar dira.

300 lagunentzako edukiera du kulturguneak. Horrela ondo, gutxiegi...?

Eserita bai, 300 sartzen dira ondo, baina tente erdi huts gelditzen denaren sentsazioa ematen du. Edukiera hori handitzeko jada lanean ari gara, eta espero dugu hilabete gutxi barru 460-480 lagunentzako edukiera izatea. Eserita 300ekoarekin jarraituko dugu, baina bestela ia 500eko kopuru horrek aukera polita ematen digu.

Orain erronka berri baten aurrean dago Sangustinen proiektua: Kultur Mahaiak kudeatuko du, ostalaritza zerbitzua barne.

Beti esaten dugu, guretzat titularra ez da Sanagustinen taberna irekitzera goaz, ez: Sanagustinen kudeaketa Kultur Mahaiak hartuko du, kooperatiba horren bitartez, eta horren barruan ostalaritza zerbitzu bat eskainiko dugu. Hori, garbi. Beste zerbitzu batzuk ere eskainiko dira, egunero egongo da irekita; programazioa ere, espero, txukunagoa eta osatuagoa izatea. Taberna zati inportantea da, diru-iturri izango den aldetik, baina ez da taberna bakarrik. Dena da erronka, dena.

Zertan nahiko zenukete nabarmentzea, kudeaketa berria?

Kulturgune erreferentzial bat izatea da gure nahia. Egunero irekita egongo da, horrek diru-iturri bat suposatzen du, eta dirua bertan inbertituko da beti; irabazi asmorik gabeko proiektua da, autogestio formula bat. Kudeaketa eskaintza guztian nabarmenduko da. Kultur eskaintza hobea, programazio aldetik. Euskara gune erreferentziala ere izango da; euskararekin lan asko egitea espero dugu, ez hitz egitea bakarrik. Mediateka bat, erakusketak ere hobeak izatea...

Planteatu duzuen kudeaketa ereduarekin desadostasunak eta kritikak ere plazaratu dira.

Gure kudeaketa eredua, eta hori ibiliak erakutsiko du, nahiko horizontala da. Kudeaketa eredu bizia eta dinamikoa egin nahi dugu, bertan jasoko dena bertan inbertituz. Gardena izatea nahi dugu, guztiz, eta horregatik proposatzen diogu Udalari jarraipen batzordea osatzea. Sare sozial handi bat dago hor atzean, Kultur Mahaiko taldeekin egina; hau ez da bi pertsonaren buru-berotze bat, denbora askoan zehar Kultur Mahaian landutakoa baizik. Klabea da herriko 25 kultur talderen, herriko ia talde denen, babesa duela. Eta, aurrera begira, guztiz irekia eta denen aportazioa beharko duen proiektua da, baita kontra azaldu diren horiena ere. Denen ekarpena behar dugu.

Soreasu ere ireki da eta, bat batean, ezer ez izatetik bi gune garrantzitsu izatera pasatu da Azpeitia.

Gu lehendik Sanagustinekin ari ginen lanean, joan den bost urtean proiektua aztertu dugulako, ekarpenak egin ditugulako, ekipamendu aldetik hobekuntzak, obren jarraipena... Gu harekin geunden, eta horretan zentratu gara. Bestea fase ezberdinak ziren, oso proiektu handia... 2006an lokalen partiketaz bileraren bat egin zen, baina harrezkero ez dugu informazio gehiegirik jaso. Gure erronka, orain, Sanagustin da, baina dudarik gabe aztertu beharko direla Soreasurekin dauzkan sinergiak, eta koordinatu egin beharko direla.

DATUAK

Aitor Bengoetxea 'Ondarru'
Jaio: 1981eko irailaren 26an.
Herria: Azpeitia.
Bizi-tokia: Azpeitia.
Lanbidea: Arte Ederretan lizentziatua, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteko koordinatzailea da.

Erantzuna gehitu