Deserriko minak eta pozak kantatu ditu Eñaut Elorrietak Lizarran

2013/05/21
Berria egunkarirako Pello Urzelai kazetariak eginiko kontzertuaren kronika da. "Kontzertuaren enborra disko berriaren hamar kantuek osatu dute, baina beste zortzi kantu gehiagok aberastu dute emanaldia. 'Nun dago nire herria' lehen kantuaren akordeetatik kontzertua itxi zuen 'Nire aitaren etxea' kanturaino entzulegoa harrapatuta sentitu zen bidaia poetiko eta musikal eder batean. Deserriaren min eta pozen barrena".

Hemen kronika osorik:

Deserriko kantak aletu ditu banan-banan Eñaut Elorrietak Lizarran eskainitako kontzertuan. Disko berriaren aurkezpen biraren lehen kontzertua izan da, lehen zuzeneko emanaldia, Berriaren 10. urteurreneko ospakizun biraren. Kontzertu berezi bat, Eñaut Elorrietak berak aitortu zuenez, aurkezpen biraren lehena izategatik, Lizarran izateagatik eta Berriaren alde izateagatik.

Kontzertuaren enborra disko berriaren hamar kantuek osatu dute, baina beste zortzi kantu gehiagok aberastu dute emanaldia. Nun dago nire herria lehen kantuaren akordeetatik kontzertua itxi zuen Nire aitaren etxea kanturaino entzulegoa harrapatuta sentitu zen bidaia poetiko eta musikal eder batean. Deserriaren min eta pozen barrena.

Diskoko kantuak distira handia badute, zuzenean indarrez betetzen dira. Musikariek badute zerikusi handia: Txus Aranburu teklatuetan, Igor Telletxea bateria eta xilofonoan eta Ruben Caballero gitarretan. Baina gakoa Eñaut Elorrietaren interpretazioa da. Kantuz kantu, bertsoz bertso, dena ematen duen kantatzeko era.

Kontzertuak hiru zati izan ditu. Lehena, Eñaut Elorrietako sortutako mundu musikal berrian girotu eta barneratzeko modukoa, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren letretan oinarritako Exiliue (Propostas para definiçao do exilio), Besamotzaren besoa edo Geografia kantuekin. Bigarrena, akustikoa, Gernika II edo Grandola Vila Morena kantuekin. Hirugarrena, intentsoagoa, Gaua, Mendigoixalearena edo Deserriko kontradantza kantuekin. Azkenik, entzuleek beste bat eskatu ondoren, Hemen Gaude eta Nire aitaren etxea kantuekin biribildu du Eñaut Elorrietak Lizarrako emanaldia.

Erantzuna gehitu