Asteburu ikusgarria izan dugu joan den hau eta 1.000 lagundik gora izan dira

2013/06/03
Ostiraletik hasita, Emakumeen txokoa batukadako, Emakumeen kitarra tailerreko, antzerki tailerreko eta bideo tailerrekoen emanaldiak izan genituen. Zapatuan, Itsasi Euskal Kultur Taldeko txikienen dantza erakustaldiak eta, igandean, saloiko dantzen 7 eskolen erakustaldia, ETBrako grabatuta. Denak ere, emanaldi zoragarriak izan dira eta parte-hartze handikoak. Jendeak emaniko erantzuna ere itzela izan da eta hiru egunetan leporaino beteta egon da kulturgunea. Hemen argazki bilduma, asteburu oparoaren erakusle:

Ostirala, Emakume eguna
Emakumeen Txokoan egiten dituzten ikastaroen emaitzak ikusteko eguna izan zen. Lehenengoak taularatzen, Amaia Garmendiaren Emakume kitarristen taldeko ikasleak izan ziren eta 30 minutuko kontzertua eman zuten.

Jarraian, Emakumeen antzerki tailerrekoen emanaldia izan genuen. Ospakizun eguna zuten gainera, 10 urte bete zituztelako, urteroko zitari eutsiz, antzerki obrak eskaintzen. 27 lagunen artean egindako obra ederra taularatu zuten: Dena berriz bueltatzen da. Orain arte, ikastarotik pasatako guztiek hartu zuten parte. Gaia gordina izanik, etxea utzi behar duen familia bat, trataera bikainez landuta zegoen, bizia zen eta umore ikutu batzuekin jantzita. Meritua haiena!

Bi emanaldion aurretik eta ondoren ere Emakumeen Txokoa batukadako kideak ibili ziren giroa jartzen. Eta Bideo tailerrekoek prestatutako lan bat ere bota zuten proiektoretik.

Zapatuan, dantza txikiak
Itsasi Euskal Kultur Taldeko lagunentzat, urte guztian zehar txikienei euskal dantzak erakusten aritu ondoren, emaitzak jendaurrean erakusteko eguna zen. Eguerdia zen, kulturgunea guraso eta etxeko familiz beteta zegoen, baina lotsa, beldur, harrotasun eta guzti, ikuskizun polita eskaini ziguten ikasleek. Barre egiteko une politak ere egon ziren, haur talde bat dantzan ari zela korroan, atzeko teloiarekin endredatu zenean-eta.

Igandean, montajea eta emaitza ikusgarria
Halaxe izan zen. Euskal Telebistak dantza saioa grabatu zuen kulturgunean eta halako zerbait egin den aurreneko aldia izan da. Plaza erdian izugarrizo kamiotzarra agertu zen eta hortik aurrerakoa dena lana eta dimentsio handitako muntaia izan ziren. Emaitzak merezi zuen, ordea. Arratsaldeko zazpietan hasi zen, Izaro Iraeta eta Agustin Ezenarro ETBko bi aurkezle ezagunen gidaritzapean, eta Euskal Herriko 7 saloiko dantza taldeen ikuskizuna izan genuen.

Asteburu oparoa izan da, kontzertua, antzerkia eta dantza izan ditugu. Herriko taldeek hartu dute parte denetan gainera, igandeko emanaldian Jose Mari Orbegozoren ikasleek jardun baitzuten dantzan. Eta ikusleen aldetik ere izugarria izan da, ostiral eta zapatuan 250 lagundik gora izan zirelako eta igandean 500dik gora.

Erantzuna gehitu