Alberto Beloki: "Kalitatezko argazkiak, ikusgarriak, izango dira erakusketakoak"

2013/11/07
Alberto Beloki: "Kalitatezko argazkiak, ikusgarriak, izango dira erakusketakoak"
2013ko Euskal Herriko Argazki Elkarteen Topaketak  antolatzeko ardura hartu du Azpeitiko Argazki Elkarteak . Azpeitian egingo den bigarren aldia izango da, zapatu honetan, 09:00etatik hasita.

Eibarren argazkilaritzari buruzko kongresu batean jaso zuten erronka, iazko urte amaiera aldera: “Elkarteko batzuk kongresuan izan ziren eta Azpeitikoek antolatuko dute bota omen zuten. Elkartean hitz egin genuen eta erronkari eutsi genion. Geuk antolatuko genuela esan genien”. Ez da Azpeitiko Argazki Elkarteak Euskal Herriko Topaketak antolatzen dituen lehen aldia, 2002an ere hartu baitzuten ardura hori. Bazekiten, beraz, zer egitera zihoazen, baina horrek, hala ere, ez du ematen duen lana samurtzen. Alberto Beloki Elkarteko lehendakariarekin egon gara zapatukoaz eta elkarteaz hitz egiteko.

“Hiruzpalau hilabete badira antolaketa lanetan gogor hasi ginela”. Anfitrioiak erabakitzen du nolako topaketak antolatu. “Guk Xanti Rodriguez eta Tren Museoa ditugu eskura, eta biak sartu ditugu programan”. Goizetik eguerdira arteko hitzordua prestatu dute, bazkari batekin amaitzen dena. Guztira, “70 bat” argazkilari bilduko dira. “Goizeko bederatzietan harrera egingo diegu eta ondoren aurkezpena. Gero Xantik, tailerra emango du argazkilaritza, infografia 3D eta post-produkzioari buruz. Horra arte Sanagustin kulturgunean egongo gara. Deskantsu txiki bat eta segidan Tren Museora joango gara, trenean bidaia egin eta museoa ikustera. Itsasi Euskal Kultur Taldeko 8 lagunek, epokako jantziekin, Museoa girotuko dute eta argazkiak ateratzeko aprobetxatuko dugu. Bazkari batekin bukatuko dugu eguna”. Rodriguezek eskainiko duena tailer irekia izango da, nahi duenak izango du parte hartzeko aukera.

Topaketa hauetan, bada bitxikeria polit bat. “Nahi duenak argazki bat aurkezten du, ez da derrigorrezkoa —aurten 40 batek esan dute ekarriko dutela—. Bazkalondoren, parte-hartzaile horien artean trukatu egiten dira, zoriz, eta bakoitzari bat tokatzen zaio, beretzat izango dena. Trukaketa moduko bat da; nik argazki bat uzten dut beste batentzat izango dena eta beste batena jasotzen. Gero argazki horren egilearekin hitz egiten dugu argazkiaren gainean, nola atera duen... Ohitura da”.

Erakusketa eta Elkartea

Topaketen harira, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek erakusketa kolektiboa jarriko dute Sanagustin kulturgunean. “Oso oso ona. Kalitatezko argazkiak izango dira, ikusgarriak. 20 bat argazki aurkeztu genituen Elkartean eta horietatik 15 aukeratu, kalitatea hartuz kontuan. Tamaina handikoak izango dira, guztiak argazkilari ezberdinenak, gai librekoak”. Azaroaren 22a arte egongo da erakusketa.

Azpeitiko Argazki Elkartea osasunez ondo dago. “Mugimendu handia” dago eta 47 bat bazkide dira. “Ostegunetan biltzen gara, eta besteak beste, barne leihaketa txiki bat egiten dugu. Hilabetero gai bat jartzen dugu eta horren inguruko argazkiak ateratzen joaten gara. Flickr-era igotzen ditugu izenik gabe, eta hurrengo hileko lehen ostegunean, guztiak ikusi eta onena zein izan den erabakitzen dugu. Egileak azalpenak eman behar ditu. Bizirik mantentzeko pizgarri bat da”.

Horrez gain egiten dituzte: hitzaldi batzuk, tailerrak (reflex digitalaren ingurukoak, urtean pare bat), rallyak (Gau Txori rallya, Udaberriko rallya, Udazkeneko eta Mendiko rallya), erakusketak (Mendizaleetan eta Baigera I-ean hilero eta Betharram aretoan tarteka) eta lehiaketak (Imanol Elias Sokamuturrekoa eta Santo Tomasetakoa). Flickr eta webguneaz gain, Facebook-en orria ere badute.

Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitza Perez Arregi plazan dago eta libre da edonor bertako kide izan nahi badu.

Argazki Elkartea. Sorrera: 1984. / Argazkiaren arloan Euskal Herriko elkarterik zaharrenetakoa da Azpeitikoa. Bere ibilbidean hainbat ekitaldi antolatu du: rallyak, lehiaketak, ikastaroak. / azpeitikoargazkielkartea.com / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak

Erantzuna gehitu