Felipe Murillo: "Trikitilari batekin eta perkusionista batekin probatu eta hitz egin dugu; Hiruk@terekin aurrera jarraitzeko asmoa dugu"

2011/08/26
Felipe Murillo: "Trikitilari batekin eta perkusionista batekin probatu eta hitz egin dugu; Hiruk@terekin aurrera jarraitzeko asmoa dugu"
Hiruk@te jendaurrera maiatza inguruan aurkeztu zen, hiru lagun eta hiru abestirekin. Gaur, Sanagustinen emango duten kantaldira ere hiru lagun etorriko dira "edo lau", ez dakite, baina behintzat kanta sorta ederra ekarriko dute. Hiruk@te proiektua hazten ari da oraindik, eta handitze horren testigu izango da kulturgunea. Iluntzean, 22:30ean, Hiruk@te entzuteko aukera izango da. Felipe Murillo kidearekin egon gara taldea gehiago ezagutzeko.

- Nola sortu zenuten Hiruk@te?

Nire kasara poema batzuk musikatzen hasi nintzen eta jokoa ematen zuela ikusi nuen. Hortik aurrerakoa guztion artean egin genuen. Estrukturatzen joan ginen eta sentimendutan, pentsamendutan eta ekintzetan banatzen ziren hiru bloke sortzea erabaki genuen. Behin hori eginda bakoitzerako poemak aukeratzen hasi ginen, gure gustuko idazleen poemak...

- Erraz egiten den lana al da poemak musikatzea?

Melodikoki nahiko erraza da guk egin duguna, doinu arinak dira poemak bezala. Hau da, poema batzuk musikatzeko errazagoak dira arinagoak direlako, baina beste batzuk errezitatzeko utzi ditugu kanta batean erabiltzeko konplikatuak direlako.

- Nortzuek osatzen duzue Hiruk@te?

Lehenengo aldiz egin genuenean, hiru ginen eta bi edo hiru kanta abestu genituen. Orduko hartan, Aitor Zinkunegik errezitatu, Mikel Zalduak gitarra jo eta nik pianoa jo eta abestu egin nituen. Bigarrengoan, Orkatzen egin genuenean, Zinkunegi eta ni bakarrik izan ginen. Gaur, ikusiko dugu...

- ...

Zaldua oporretan dago eta ez dakit iritsiko den. Hala ere, gaur Iraia Bereziartuak hartuko du parte. Biolina joko du.

- Hazten ari zarete orduan.

Bai, eutsi behar diogu. Asmoa instrumentu gehiago sartzea da. Trikitilari batekin hitz egin dugu eta probatu ere bai; baita perkusionista batekin ere zer egin daitekeen jakiteko. Aurrera jarraitzeko asmoa dugu.

Hiruk@teren fitxa
Partaideak: Aitor Zinkunegi, Mikel Zaldua, Iraia Bereziartua eta Felipe Murillo.
Instrumentuak: Gitarra, pianoa eta biolina.
Ahotsak: Aitor Zinkunegi errezitatzen eta Felipe Murillo abesten.
Doinuak: Hiruk@te.
Poemak: Jose Luis Otamendi, Kirmen Uribe, Gotzon Barandiaran, Txili Lauzirika eta beste idazle batzuk.

Gaur, Sanagustin kulturgunean, 22:30ean.

Erantzuna gehitu