Ahotsak kaleetan. Zurea ere bai

2014/02/05
Azpeitiko Sanagustin kulturguneak antolatutako 'Hebentik...Zubiak' programazio barruan, zapatuan kantua izango dugu ardatz. Julian Barrenetxea Abesbatza eta Baigera Elkarteko lagunak Kantu Jiran ibiliko zaizkigu Alde Zaharreko kaleetan eta haiekin lagun berezi batzuk izango ditugu. Hebentik Kultur Elkarteko ordezkari batzuk, hain zuzen. Besteak beste, Amaren Alabak taldeko bat edo beste.

Arratsaldeko zazpietan hasita, lagun multzo handi bat euskal kantak abesten ibiliko da Azpeitiko Alde Zaharrean. Julian Barrenetxea Abesbatzako kideak, Baigera Elkarteko kideak eta, Zuberoatik etorrita, Hebentik Kultur Elkarteko kideak, hain justu. Eta zuk ere har dezakezu parte nahi baduzu eta ahotsa askatu.

'Hebentik.. Zubiak' Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik Kultur Elkarteak antolatu dugun proiektu honetako ale bat izango da Kantu Jira. Lagunartea eta kale animazioa uztartzen dituen ekimena izango da. Eguraldiak lagun gaitzala eta kaleetan lasai ibiltzeko aukera eman diezaigula, baina herritarren parte hartzea hori bezain garrantzitsua litzateke. Ondo pasako dugu, usadio zahar bat gureganatuz. Baigerako lagunak horretan dabiltza iazko azarotik eta hileko bigarren ostiraletan Kantu jiran aritzen dira. Honako ekimen hau norabide horretan doan beste pauso bat gehiago da.

Zuberoan bada ohitura handia abestekoa. Eta oso ongi egin ohi dute. Zuzenean entzungo ditugu. Badakizu, 19:00etan, Frontoi Txiki aurrean.

Erantzuna gehitu