Tximak astintzeko abagunea

2014/02/21
Tximak astintzeko abagunea
"Burdin hotsak durundatuko du bihar gauean Sanagustin kulturguneko hormetan, 23:00etatik aurrera. Heavy Gaua antolatu dute Metalhika taldearen emanaldiarekin eta DJ Oker-en saioarekin, eta txima dantzariak ez dira faltako. Ez da oso bizkorra izan behar Metalhika Metallicaren tributu talde bat dela konturatzeko. Fonetikoki berdin irakurtzeaz gain, letra tipo bera erabili dute kontzertua iragartzeko karteletan. Horrez gain, Metallicaren disko beltzaren antzera ageri dira omenaldi proiektua abian jarri duten musikari azpeitiar-azkoitiarrak".  Gaurko ' Urola Kostako Hitza '-n argitaratutako albistea, Aritz Mutiozabalen eskutik.

"Duela hilabete batzuk AC/DC-ren tributu talde batek jo zuen Azpeitian, eta sekulako ikusmina sortu zuen. Horren harira, Sanagustin kulturguneko kide Kepa Urbietarekin halako solasaldi bat izan genuen, eta hark hordagoa bota zigun erdi-txantxetan, guk Metallicaren omenezko talde bat egin genezakeela esanez", gogora ekarri du Metalhikako kide Xanti Rodriguez azpeitiarrak.

Hasieran garbi ikusten ez bazuten ere, dibertigarria izan zitekeela iritzi eta erronkari heldu zioteten. Hori horrela, Legen Beltza taldean ibilitako kideek berriro ere bat egitea erabaki zuten proiektua abiarazteko. Ekaitz Garmendia eta Iban Hernandez salbu –beste proiektu batzuetan dabiltzalako–, beste partaideak elkartu egin dira: Xanti Rodriguez, Joseba Azkue eta Edorta Azkune, hain zuzen ere. Laukotea osatzeko, gainera, Josu Garate gehitu zaie. "Four horsemen izango gara, baina paperak aldatuta. Izan ere, nik baxua jo eta abestu egingo dut, eta James Hetfield-ek gitarra jotzen du", esan du Rodriguezek.

Abesti mitikoak
Metallicaren abesti "mitikoen" errepasoa egingo dutela nabamendu du taldekideak. "Taldearen abesti ezagunenak joko ditugu. Haien garairik onenak ekarriko ditugu gogora, eta ezusteko bat edo beste ere emango dugu. Omenaldi bat izango da Metallica gustuko duten zaleentzat, eta batik bat metaleroa gustuko dutenentzat". Sanagustin kulturguneko kideek beren Facebook atarian zaleek zein abesti entzun nahiko lituzketen galdetu zuten duela aste batzuk, lau aukera emanez, eta boto gehien Master of puppets abestiak jaso ditu. Beraz, beste batzuen artean hori ere zuzenean entzuteko parada izango dute gerturatzen direnek. Ia bi orduko saioa prestatu dute.

AC/DC edo Ramones bezalakoen tributu taldeak badira, baina Metallicarenak apenas dauden. "Saltsa honetan murgildu ginenean, begira jarri ginen, eta egon badirela ikusi dugu, baina taldearen handitasuna kontuan izanda, ez dira horrenbeste". Metallicaren abestiek badute nolabaiteko konplexutasuna, eta horrek eragina izan dezakeela uste du Rodriguezek. "Master of puppets edo …And justice for all diskoetako abestiak ongi jotzea nahikoa zaila da, eta beharbada hori handicap bat izan daiteke talde askorentzat".

Biharko emanaldiaren ondoren, zuzenekoekin jarraitzeko asmoa dutela jakitera eman du taldekideak. "Ez da luzera begirako proiektua, baina kontzertu batzuk jo nahi ditugu. Dagoeneko jendea deika hasi zaigu han eta hemen jotzeko".

Erantzuna gehitu