Gorka Tolosa: "Misterio eta suspenseak ere badu bere lekua eta haurrei gustoko zaie"

2014/04/04
Bertsotan modu ludikoan irakastea helburu duen antzerkia da. Ibai Esoain, Xabier Sukia eta Gorka Tolosa bertsolariak dira antzezleak. 'Galtzagorriei, to Inaxito!' prestatzen, Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi azpeitiarrek ere parte hartu dute. Zapatuan, 17:00etan izango da (gomendatutako adina, 5-12 urte).

Misterioa eta umorea uztartzen dituen antzezlana eskainiko du Trikuharri antzerki taldeak. Inaxito izeneko pertsonaiaren gainean eginiko hirugarren lana da Galtzagorriei, to Inaxito! Bihar, zapatua, 17:00etan izango da (3€). Gorka Tolosa bertsolari eta antzezlearekin egon gara ekitaldiaz hitz egiten:

Bertso-antzerkia lantzen duzue Trikuharri Antzerki taldekook. Nolako harrera dute haurrengan zuen emanaldiek?

Gure hirugarren antzezlana da hau eta orokorrean harrera ona izan dute guztiek. Azkeneko honetan ere haurrak gustura egoten dira. Misterio eta suspenseak ere badu bere lekua eta haurrei gustoko zaie.

Galtzagorriei, to Inaxito!. Zer ezkutatzen da izenburu horren atzean?

Euskal mitologian galtzagorrien jabe zena zorte handikoa zen galtzagorriak lan eta lan aritzen baitira etengabe nagusiak agindutakoa beteaz. A zer zortea! pentsa dezake batek baino gehiagok. Baina mitologiako kondaira edo pasarteek badute beste aldea, ikasgai gisa azaltzen dena. Beste alde hori da galtzagorrien jabeak ezin izaten zuela hil gainetik kentzen ez bazituen, behintzat. Gizakiaren "guztia egin nahi", "dena eduki nahi" hori azaltzen du euskal mitologiaren pasarte honek. Azkenean, galtzagorriek bere jabeak nahi duen guztia egingo dute baina ezin izango du hil eta noski bizitzan aurrera egin ahala gaixotzen, ahultzen joaten da bat eta azkenean bizitza bera sufrikario bihurtzen da. Gainera, galtzagorriei lana agindu behar zaie etengabe ez baitakite lanik egin gabe bizitzen... "nekagarria duk, Inaxito, galtzagorriak beti lanean izatea... begira nola nagoen: nekatuta, abailduta, eatsita... eta hau azkena duk: ezin bizi eta ezin hil! Eskertuko nikek galtzagorriak gainetik kentzen lagunduko bahidake" esaten dio aitona zaharrak Inaxitori. Inaxito da, beraz, ikusleen laguntzarekin aitonari galtzagorriak gainetik kendu eta betirako atseden hartzen laguntzen diona. Heriotzaren alderdi gozoa, deskantsua... irudikatzen da horretarako galtzagorriez gain euskal mitologiako beste hainbat pertsonaiez osatutako pasarteak korapilatuz. Euskal mitologiako hainbat pertsonaia eta pasarte agertzen dira antzezlanean zehar eta gidoia egiteko laguntzaile izan genuen Anuntxi Aranak gomendatu bezala "edulkoratu gabe". Gainera, Euskal mitologiako pasarteak oso dira gaur egunerako baliagarri eta mitologiaren mundua eta gaur egunekoaren uztarketa ere egiten da Inaxitok bere gelakide batekin duen maitasun istoriotxoa tarteko.

Alaitz Olaizola eta Gurutze Eizmendi ibili ziren zuekin antzerki honen sorreran. Zertan lagundu zizueten?

Alaitzek gidoigintzan lagundu zigun. Taldeko kideen eta Alaitzen artean, guztiak batera osatu genuen gidoia. Alaitzen laguntza ezinbestekoa izan zen, berak korapilatu baitzuen bildu eta osatu genituen historiotxoak. Bai ondo korapilatu ere! Behin gidoia eginda, Gurutzerekin batera zuzendari lanetan aritu ziren.

Erantzuna gehitu