Aste bukaera honetan musika lasaia eta argiekin jolastuz sortutako txontxongilo ikuskizuna

2011/10/20
Bihar, ostirala (urriak 21) afari musikatua eskainiko dugu Sanagustinen, 21:00etan. Otorduaren garaian biolina jotzen duen Iraia Masso-k giroa goxatuko du. Afaltzera datorren jendearentzat pentsatutako ekimena da eta aurrerantzean hilean behin antolatzeko asmoa dugu. Zapatuan, ostalaritzako jardunari eragin gabe eta eurentzat bereziki prestatutako txoko batetik, lau musikagile apartek jazz kontzertua eskainiko digute. Nevermind Trio + Julen Izarra laukoteak akustikoan joko du, gainera, 23:00etan. Eta, igandean, Kukubiltxo lan berriarekin. Kulturgunea guztiz ilunduta egongo da argizko txontxongiloen ikuskizunerako. Pupu eta Lore dira protagonista 'Leihotik mundura' lan honetan. 18:00etan izango da eta sarrera izango du emanaldiak, 5 eurokoa —salgai daude Sanagustinen—.

Sarrerak zozketan

Azpeitiko Kultur Mahaiak bazkideen artean ekitaldietarako sarrerak zozkatzen ditu —hileko lehen astean hil guztiko emanaldien zozketak egiten ditu— eta Kukubiltxoren emanaldirako Txomin Uribe bazkideari bi lagunentzat sarrerak tokatu zitzaizkion. Horrez gain, Azpeitiko hiru ikastetxeetan ere bina lagunentzat sarrerak banatu ditu. Ikastetxeek beraiek egingo dituzte zozketak eta tokatzen zaizkien bina lagun horiek bi sarrera jasoko dituzte oparitan.

Bazkidetza

Bazkidetza kanpaina abiaraziko du, laister, Kultur Mahaiak. 330 lagun dira gaur egun bazkide eta Kultur Mahaiak urte honetarako 400 lortzeko helburua du. Bazkide egiteko orri hau bete behar da edo Sanagustinen dauden txarteltxoetako bat bete. 10 euro baino ez dira urteko kuota eta horrekin Mahaiak dituen proiektuak aurrera eramaten laguntzen da, tartean, Sanagustin kulturgunea bera. Eta laguntza eskertzeko, bazkideen artean zozketak egiten dira: ekitaldietarako sarrerak, kulturgunean bi lagunentzat afaria; liburuak; diskoak; DVDak... Animatu zaitez!

Erantzuna gehitu