Xanti Rodriguez: "Argazkilaritzaren tendentziak nondik nora doazen erakutsiko dut aurkezpenean"

2012/01/09
Azpeitiarrak Anaya Multimedia argitaletxearekin 'Fotografía y cine de animación' liburua aurkeztuko du bihar, asteartea (urtarrilkak 10) kulturgunean, 21:30ean. Iazko azaroan argitaratu zuen liburuaren egituraz gain, "argazkiaren akaberak" lortzeko zer pauso eman behar diren ere azalduko du. (egin zaitez bazkide Kultur Mahaian)

Xanti Rodriguezek (1978, Azpeitia) argazkilaritzako azken tendentzien erakuslehioa den bere liburua aurkeztuko du kulturgunean: Fotografía y cine de animación (2011, Anaya Multimedia, 29,50€). Ordubete inguru iraungo du aurkezpenak eta jendeak galderak egiteko aukera ere izango du.

Nola sortu zen liburu hau?

Anaya Multimediakoek egin zidaten proposamena. Sari batzuk jaso ditut eta nire webgunean begira ibili eta gero ea liburu hau egingo al nuen galdetu zidaten. Anaya Multimediaren Photoclub sekzioan sortzeko proiektua zen —momentu honetan, liburu gehien saltzen duen sekzioa da—. Eskaintzari baiezkoa eman nion. Esanguratsua da niretzat, izan ere, orain arte argitaratu diren mota honetako liburuak egiteko, %95a behintzat, Estatu Espainiarretik kanpoko jendeari eskaini izan dizkiote, eta nirekin kontatu izanak pozten nau.

Gustura emaitzarekin?

Harrituta nago. Harrera ona izan du irakurleen artean. Ez dakit zenbat saldu diren, baina gremioko lagunek esan didatenez hainbat lekutan agortuta daudela ikusi dute, esaterako hiriburu handietan: Malagan, Zaragozan eta baita hemen Donostian ere. Amazon webgunean ere salduenen artean dago liburua eta aldizkari espezializatu batean hileko liburu izendatu dute.

Aurkezpen bat baino gehiago egin dituzu, gainera.

Bai, batik bat hiriburu nagusietan: Donostian, eta baita Santiago de Compostela, Merida eta Valladoliden ere. Orain, Madrilen, Bartzelonan eta Azpeitian ditut.

Nolakoa izango da biharko aurkezpena?

Batik bat argazkilaritzaren etorkizuna nora doan erakutsiko dut, making offak... jendeak tendentziak nondik nora doazen ikusteko. Nahiko aberatsa izango da aurkezpena. Argazki batzuk proiektatu egingo ditut eta beste batzuk fisikoki erakutsi, gertutik ikusteko. Argazkien akabera horiek lortzeko zer pauso eman behar diren. azalduko dut, eta baita liburua nola dagoen egituratuta ere.

Erantzuna gehitu