Herriko taldeen parte-hartzearekin irekiko dute Sanagustin kulturgunea

2011/07/12
Herriko taldeen parte-hartzearekin irekiko dute Sanagustin kulturgunea
Sanagustin kulturgunearen irekiera eguna iristen ari da. Horren harira, prentsaurrekoa eman zuten Udaleko eta Kultur Mahaiko ordezkariek, atzo. Abenduaren 11n izango da inaugurazio eguna (19:30ean hasiko da) eta, ordurako, herriko taldeekin osatutako ekitaldia prestatu dute.

Azkenean. Jarri da Sanagustin kulturgunea irekitzeko eguna: abenduaren 11 (larunbata). Atzo, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuten, baita albistearen garrantzia azpimarratu ere: "Azpiegitura garrantzitsua izango da", esanez hasi zuen agerraldia Olatz Pratek Kultur Mahaiaren izenean, Sanagustinen bertan. "Herriaren erdian, espazio handiko eraikina eta ekipamendu tekniko modernoa duena. Horregatik, Azpeitiko kultur taldeak oso ilusionatuta gaude", zioen Pratek.

Estreinaldirako, abenduaren 11rako ekitaldi bat ere prestatuta dutela esan zuen, I. Kulturaldiaren barruan sartzen dena. "Ordu eta laurdeneko ekitaldia izango da, 19:30ean hasita. Aktuazio laburrak egongo dira, ahal den talde eta diziplina gehien bilduta". Dantzariak, antzerki sketch-ak, bideoa, musika eta bertsoak izango dira, besteak beste, herriko taldeen parte-hartzearekin.

Lehen hilabeteetako egitaraua prestatzeko Kultur Mahaikoak Udalarekin hizketan ari direla ere esan zuen Pratek.

Obren inguruan Udala, eta eskerrak emanez

Ana Mendizabal Udal Kultura batzordeburuak zioenez, Espainiako Gobernuarekin hitzartu zuen Udalak Sanagustin eliza kultur erabilerarako izatea (gobernuak finatzatu du) eta Udalak gunearen erabilera zehazten joateko "herriko kultur taldeekin hitz egiteko" konpromisoa hartu zuen. Udala ere pozik dago, 1998an Sanagustinen obrak egitea erabaki zutenetik eta lan asko egin ondoren, irekitzeko eguna iritsi delako. "Elkarlanean, proiektua aurrera eraman" dutela, eta egindakoak "kultura plazaratzen lagunduko" duela esan zuen. Sanagustineko proiektuan "parte hartu duten guztiei eskerrak" eman zizkien Mendizabalek.

Kultur Mahaiaren gosea

Aitor Bengoetxea Kultur Mahaiko kideak adierazi zuenez, "Udalak eta Espainiako Gobernuak ez ezik, Azpeitiko kultur mugimenduak ere interesa agertu izan du, eta du, Sanagustinen". Izan ere, 2008an ekipamenduari buruzko txostena osatu zuen Kultur Mahaiak helburu batekin: "Sanagustinen edozer motako kultur ekitaldiak antolatu ahal izateko", aurreko proiektu teknikoa "zaharkitu samar" zegoelako. "Udalak ontzat jo zuen, 2008ko urrian, eta Gobernuak, geroago". Pare bat urte lehenago Kultur Mahaiko kide batzuen ekimenez, Udalak kulturgunean ura, argitazpena eta beste zenbait arloko obrak egin zituen.

Aurrerantzean ere, Kultur Mahaiaren ustez, "kulturgunea hobetzen segitzeko aukera dago", eta horretan ariko dira. Sanagustinen oinarriak, Mahaiaren iritziz, "dinamikoa, parte-hartzailea eta zabala" izan behar dira. Halaber, "herriko taldeen plaza izan behar du, eta kanpotik jendea eta eragileak ekarri eta erakarri behar ditu".

Sanagustinen hasierako gestioa Udalaren eta Kultur Mahaiaren esku egongo da. "Mahaia kudeaketan hasieratik egotea garrantzitsua da", zioen Bengoetxeak.

Abenduaren 11ko egitaraua

19:00. Sanagustineko ateen irekiera.
19:30. Hasiera: Antzerki sketch-a. Hortzaka Antzerki Taldea.
19:35. Dantzariak: Itsasi Dantza Taldeak agurra eta Dantza Sueltokoek fandangoa.
19:45. Herriko kultur taldeen argazkiak bideoan.
19:50. Bigarren antzerki sketch-a. Hortzaka Antzerki Taldea.
19:55. Musika Eskolakoak, Julian Barrenetxea Abesbatza eta Txistulari Taldearekin musika emanaldia.
20:20. Zubi Zarreko musika taldeen emanaldia. Arantzetan musika taldea.
20:30. Udaleko eta Kultur Mahaiko kideen hitzak.
20:35. Erniarraitz elkarteko bertsolarien saioa.
20:45. Bukaera. Argazki erraldoia.
Mokadua.

Erantzuna gehitu