Zaborraren inguruko solasaldia eta Nömadak TX Zuzenean kontzertua, asteburuan

2012/06/08
Hiru kazetarik Patxi Juaristi Azpeitia Zero Zaborreko kidea elkarrizketatuko dute zuzenean, bihar (zapatua), 12:00etan. Asteari amaiera emateko, Oreka TX taldearen Nömadak TX Zuzenean kontzertua izango dugu, igandean, 18:30ean.

Biharko, zapatua, kafe tertulia antolatu du Azpeitia Zero Zaborrek eta 12:00etan hasiko da eta Patxi Juaristi Azpeitia Zero Zaborreko bozeramaleak, hiru kazetariren galderei erantzun beharko die. Kazetariak, Aimar Etxeberria (NAIZ), Nekane Zinkunegi (INFO 7) eta Iñaki Peruarena (BERRIA) izango dira eta publikoari irekita egingo diete zuzeneko elkarrizketa, nahi duten herritarrek jarraitzeko moduan.

Nömadak TX Zuzenean

Nömadak TX mugitu egiten diren musikari biren istorioa da. Aldean txalaparta daramate, besteak ez bezalako musika tresna bat, pertsona bi behar dituena. Euren bidaian India, Laponia, Sahara eta Mongolia ezagutu dituzte, eta euren musika hango herri nomaden musikariekin fusionatu dute. Izotzezko eta areazko basamortuak zeharkatu, Mongoliako mendietan zaldi gainean ibili, Indiano mendebaldea trenez gurutzatu...

Oreka Tx txalapartariak, Mixel Ducau musikariarekin batera kontzertu-bidaia ikusgarri bat egitera gonbidatzen gaitu, agertokian musika eta irudiak uztartuz. Zuzenean jotzen diren kantak Nömadak TX filmeko soinu bandan daude oinarrituak, baina taula gainean musika haratago doa instrumentazio aniztasunak eta hauen sonoritate aberatsak, txalapartaren garapena sustatzeko gune berri eta egokia bihurtzen baitute ikuskizun hau.

Taula gaineko musikariek, pantaila bidez agertuko diren beste hainbat musikariekin batera, India, Laponia, Sahara eta Mongolia barna ibiliaz sortutako musika interpretatutako dute. Eszenatokiaren atzealdeko pantaila, leiho erraldoi bat bilakatzen da eta bertatik habiatzen gara herrialde eta pertsona ezberdinak ezagutzera.

Kontzertu multimedia berritzaile honek esperimentazioa eta fusioa lantzeaz gain, herrien arteko elkartasuna eta kultur artekotasuna ditu hizpide. Igandean, 18:30ean hasita ikuskizuna izango dugu kulturgunean. Sarrerak salgai daude interneten eta kulturgunean bertan, 10€tan. Leihatilan, kontzerturako ateak irekitzean, 12€tan egongo dira.

Erantzuna gehitu