Kultur azpiegituren kronologia

2012/07/23

1984-1987. Gipuzkoako Diputazioaren proiektua.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1984-1987ko Kultur Ekipamenduen Programa-ren arabera, Azpeitian Basazabal Jauregian kultur etxea irekiko zen, herrian sakabanatuta zeuden kultur taldeak bertan biltzeko eta haien artean elkarlana bilatzeko horrela. Azpeitiko Udalak onartu egin zuen herrian kultur etxea zabaltzeko proiektua.

69 milioi pezetako aurrekontua zeukan egitasmoak, eta obrako eta beste gastu guztiak erakunde publikoen kontu joango ziren. Foru Aldundiak 26 milioi pezetako diru laguntza eman zion Azpeitiko Udalari.

1986an Udalak Basazabalen kultur etxea zabaltzea aurreikusi zuen. Foru Aldundiaren diru laguntza guztia gastatu zuen eraikuntza eraberritzen. Urte haietan beste 50 milioi pezeta xahutu ziren Basazabalen, baina ez behar bezainbeste eta ez zen ireki kultur etxea.

Diputazioaren proiektua ia herri guztietan gauzatu zen (herri batzuetan aurretik bazegoen kutur etxerik), eta Azpeitia izan zen, herri txiki-txikiak kontuan hartu gabe, kulktur etxerik gabe segitu zuen bakarra.

1998 (martxoa). Uztarria Kultur Koordinakundearen sorrera. Kultur azpiegiturak ardatz.

1998ko martxoaren 3an sortu zen Azpeitian Uztarria Kultur Koordinakundea, herriko kultura eta euskara eragileen artean. Bere hiru ardatzak: Kultura, Komunikazioa eta Euskara. Kulturako diagnosi orokorra: “Kultur etxerik ez dago herrian, kultur dinamika eskasa da, kultur taldeen artean koordinaziorik ez dago, kultur plangintza falta da”.

Gabezia handia zegoen kultur azpiegituratan.

1998 (abendua). San Agustinen obrak hasteko erabakia Udalak.

1998ko abenduaren 3ko udalbatzarrean, Udalak San Agustinen obrak egiteari buruzko erabakia hartu zuen. San Agustin antzokiaren eta goiko lokalaren erabilpenaz eta izaeraz herriko kultur taldeekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen Udalak.

Jon Txabarri udal arkitektuak San Agustin eraberritzeko obren proiektua egin zuen.

Aldi berean, Basazabalen kultur erabileraz eta izaeraz-eta kultur taldeekin hitz egiteko konpromisoa ere hartu zuen Udalak.

Azpeitiak 1994an eskuratu zuen San Agustin eraikina bere osotasunean. Historian zehar hainbat erabilera izan du eraikinak. 1578an egin zuten.

1999 (martxoa). Uztarriaren txostena eta proposamena kultur etxeaz.

Uztarria Kultur Koordinakundeak, 1999ko martxoaren 20an, kultur azpiegiturei buruzko txostena aurkeztu zuen. Txostena hilabeteetan landu eta osatu zuen koordinakundeak, kultur teknikari batekin eta EKBrekin egon, herriko taldeen erradiografia egin, informazioa bildu eta lokalen inguruko batzar nagusi baten ondoren. Txostenean, herrian kultur etxearen “beharra” azpimarratzen zen, eta proposamen zehatza ere egin zen: Basazabalen kultur etxea irekitzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 1984-1987ko Kultur Ekipamenduen Programa-k zekarrena jasoz. Basazabalek probetxuko 1.026 metro koadro dituela gogoratu zuen Uztarriak, lau solairutan banatuta.

Kultur koordinakundeak kultur etxearen izaera eta funtzionamendua ere proposatu zituen.

Herriko beste kultur lokalei buruzko gogoeta eta proposamenak ere egin zituen.

“Azpeitia ezin esan lehenengo puntan dagoenik kultur sormenari eta kultur ekintzen antolakuntzari, difusioari dagokionez. Taldeak badaude, baina sakabanatuta; herrian lokalak ere egon badaude, baina baldintza eskasetan, eta hainbat kultur ekintzatarako ez dute balio —tailerrak, ikastaroak, musika emanaldi txikiak... egiteko—. Eta kultur etxea, erreferentzia eta biltoki ona litzateke taldeentzat, baliabide egokia kultur dinamika sendoa sortzeko”.

1999. 25 milioi pezeta udal aurrekontuetan Basazabalerako.

1999an Udala berriro hasi zen aurrekontuetan Basazabalen eraberritzean gastatzeko diru multzoa jartzen. 1999an, 25 milioi pezeta. Udalaren konpromisoa: Basazabaleko eraikuntza historikoan obrak egin eta kulturarako erabiltzea, eta erabilpena eta izaera nolakoa izango zen erabakitzean, taldeekin hitz egitea.

1999an ez zen batere gastatu.

2000ko aurrekontuetan, beste bost milioi pezeta jarri zituen horretarako Udalak. Baina 2001ean, 30 milioiak kendu eta bost besterik ez ziren zuzendu Basazabalerako.

2000 (martxoa). IKEI enpresak kultur azpiegituren azterketa.

2000ko martxoan, IKEI enpresak, Udalak eskatuta, Behar eta kultur azpiegituren azterketa egin zuen. “Azpeitiko mugimendu kulturalaren eskari nagusia” kultur etxea zela ondorioztatu zuen. IKEIk 21 guneren egoera eta erabilpena aztertu zuen, 16 kultur talde edo elkarterekin egon zen (Udalak utzitako lokalak erabiltzen zituztenak denak), zortzi elkarrizketa egin zituen, eta 400 herritarri inkesta egin zieten.

2000. San Agustin udal aurrekontuetan.

2000. urteko udal aurrekontuetan Udalak, Basazabalen eraberritzean inbertitzeko asmoa agertzeaz gain (30 milioi pezeta), San Agustin eta zine aretoan inbertitzeko asmoa azaldu zuen: “San Agustin: 60 milioi pezeta, berritzeko, kultur izaerako ekintzetarako eta erakusketa areto gisa [2001ean, zortzi milioi]. Zine aretoa: herriko zine areto bat erosiko da, eta 70 milioi pezeta bideratuko dira horretarako”.

Udalak bere gain hartu zuen obren lehen fasea ordaindu eta egiteko ardura. Fase horretan sabaia eta kupula eraberritu ziren, nagusiki.

2001. Udalak Soreasu erosi.

2000an esandakoa betez, Udalak herriko zine areto bat erosi zuen: Soreasu. “Goitik behera eraberritzeko” asmoarekin. Udalak zioen eraberritzearen proiektua egina zuela.

2003 (azaroa). Uztarria, kultur gune propioa zabaldu asmoz.

2003ko azaroaren 29an Uztarria Kultur Koordinakundeak eta Baite Euskara Elkarteak bat egin zuten euren bazkideen batzarretan, eta 2003ko abenduko Uztarria herri aldizkarian koordinakundeak esan zuen (bazkideen batzarrean aipatu zuena jasoz), “kultur gunea sortzea” nahi zuela, baliabide horren bitartez ere “herrian erakunde eraginkorragoa” izan asmoz. “Proiektu gehiago abiatzeko eta gauzatzeko, geure erritmoa izateko, edozein erakunderekiko independenteagoak izateko, baliabide ekonomiko propio handiagoak izan behar ditugu. Bide horretan, Uztarriak baditu ideia batzuk, eta lantzen ere hasi da. Proiektu horietako bat da herrian kultur gunea irekitzea. Kultur gune hori ez litzateke gaur egungo edo biharko eguneko herriko beste kultur azpiegiturei lehia egiteko sortuko; batetik, Uztarria bera indartzeko litzateke, eta, bestetik, egungo azpiegituren osagarri eta herriarentzako aberasgarri”.

2004. Udala, Soreasuko proiektuaren asmoen berri emanez.

Udalak 2004ko apirilaren 23an, herriko taldeen aurrean, Soreasu antzokiko proiektuaren asmoen berri eman zuen. “Kultura, gazte eta antzoki gune” egin nahi zuela zioen, eta proiektuak 4.800.000 euro inguruko aurrekontua izango zuela.

Udalak bilera hartan erantzun zuen “herriko taldeak kontuan” hartuko dituela.

2005 (martxoa). Soreasurako diru laguntza Jaurlaritzak.

Udalak jakinarazi zuen Soreasuko proiektuarekin lotuta Eusko Jaurlaritzako Izartuk 1,4 milioi euroko diru laguntza eman zuela.

2005 (maiatza). Soreasuko kultur guneko proiektuen erakusketa.

Udalak 2005eko maiatzean, udaletxe azpian erakusketa ipini zuen, Soreasuko kultur gunea egokitzeko aurkeztu ziren planak erakusteko. Zortzi proiektu ziren guztira, bakoitza bere planoekin, instalakuntza eta zenbakiekin.

2005 (ekaina). Soreasuko proiektua Tartekari.

Ekainaren 23an Julian Eizmendi alkateak (EAJ) emandako ebazpen baten bidez, Soreasuko proiektua Tarteka egitasmoari eman zitzaion. Proiektuaren egileei 232.758 euro (gehi %16 BEZ) ordaindu zieten.

2005 (iraila). Soreasuko proiektua, aukeratua Udalak.

Udalak 2005eko irailean jakinarazi zuen “Soreasu ekipamendu sozio-kulturala eraiki eta hirigintza aldetik zonaldea biziberritzeko”, Asier Acuriola eta Fernando Bajo arkitektoek Tarteka izenarekin aurkeztutako proiektua hautatu zuela.

Udalak emandako datuak:

- Eraikinaren metro koadroak: 5.323,87.

- Auditorioaren edukiera: ia 550 eserleku.

- Lehen fasearen aurrekontua: 5.000.000–5.400.000 euro artean (aurrekontu horren barruan ez da sartzen aparkalekua).

- Noizko: Soreasu 2005. urte bukaeran edo 2006 hasieran hasiko dira botatzen.

- Finantzazioa: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

2005 (iraila). Uztarriaren emendakina, Soreasu kultur gunea osatzearren.

Udalak Soreasun egin nahi duena baloratu ondoren, Uztarriak albo batera utzi zuen kultur gune propioa sortzeko zeukan proiektua, herrian denen artean kultur azpiegitura zentralizatuak sortu asmoz.

Horrela, Udalak aukeratutako proiektuari emendakinak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko zela eta, Uztarria Kultur Koordinakundeko taldeek, beste elkarte batzuen babesarekin, emendakin bat egin zioten Soreasuko planoei, osatzearren: “Taberna kokatzen den eraikinean, aurreneko bi solairuen ia zati osoa Kafe Antzokia egiteko gordetzea”.

Helburua: kultur ekitaldi txikiagoak egiteko gunea ere jartzea, kultur guneari dinamismo eta bizi handiagoa ematea…

Funtzionamenduaz ere egin zuen proposamena Uztarriak.

2005 (urria). Uztarria eta Udala, Elgetan eta Durangon Kafe Antzokiak ikusten.

Uztarriako ordezkariak eta Udaleko Kultura Batzordeko kide Aitor Gorrotxategi (batzordeburua; EAJ), Kontxita Martija (EA) eta Aitzol Iparragirre (Habea), elkarrekin Elgetan eta Durangon izan ziren urriaren 21ean, hango Kafe Antzokiak ikusten. Bi antzokietako arduradunek funtzionamenduaz hitz egin zieten, eta lokaletako espazioaren erabileraz eta antolaketaz ere bai.

2005 (abendua). Soreasurako diru laguntza Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Soreasu kultur ekipamenduko lanak finantzatzeko 1.750.000 euroko laguntza ematea onartu zuen.

2006 (otsaila). Udalak Soreasu aurkeztu, Kafe Antzokia baztertuta.

Udalak herriko kultur taldeei Soreasuko kultur gunea aurkeztu zien, bileran, otsailaren 9an, Sindikatu Zaharrean. Hasierako proiektua mantendu zuen, aldaketarik egin gabe. Beraz, Uztarriak proposatutako Kafe Antzokia baztertuz.

Soreasu kultur gunearen ezaugarri batzuk:

- Lur azalera. Eraikin guztiak 2.200 metro koadroko lur azalera hartuko du.

- Aurrekontua. 5.409.000 euroko aurrekontua du. Erdia, Aldundiak eta Jaurlaritzak lagunduko dute diruz.

- Auditoriuma. Auditoriumak 600 lagunentzako lekua izango du.

- Taldeak. Auditoriumari lotutako eraikinean musika, dantza eta abesbatzekin lotutako taldeak egongo dira, "auditoriumeko taula beharko badute, gertu egoteko". Beste eraikin bat, kultur etxea izango litzateke, erabilera anitzeko gelekin eta tailerrekin; multzoka, arloka, banatu dituzte taldeentzako txokoak. Hiru areto daude 15-250 metro koadro artekoak, hainbat erabilera izan ditzaketenak.

- Kafetegi txikia. Norabide guztiak biltzen dituen gunean kafetegi txiki bat egongo da, eta gertu, erabilera anitzeko aretoa du. Areto, horrek eskenatoki bat jartzeko aukera du, bi maila dituelako; ireki eta kafetegia eta aretoarekin espazio bakar bat egin daiteke.

- Obraren epeak. Datorren astean Soreasuko ubideak bideratzeko lanak hasiko dituzte. Proiektua ekainerako bukatuta egongo da eta lehiaketara aterako du Udalak. 14 hilabeteko epea izango dute lehiaketara aurkezten direnek, eta 2007ko abendurako lanak ematearen prozesuarekin bukatzeko asmoa du Udalak.

2006 (otsaila). Kultur Mahaia osatzeko lehen bilera.

Herriko kultur egitaraua antolatzeko eta kultur azpiegituren funtzionamenduaz hitz egiteko, Udala eta herriko kultur taldeek mahaia osatzeko lehen bilera egin zuten, otsailaren 16an.

2006 (maiatza). Soreasuko obrak hasi.

Maiatzaren 9an hasi zituzten Soreasuko lanak, hiltegi zaharra botaz. Antzokia hurrengo egunetan bota zuten.

2006 (ekaina). Soreasuko aparkalekurako lanen hasiera.

Soreasu kulturgunearen azpiko aparkalekuak egiteko lanak hasi ziren. Aparkalekuek bi solairu dituzte; 267 autorentzako lekua egitea aurreikusi zuten. Aurrekontua, 3.255.219 eurokoa zen.

2006 (urria). Udala-Espainiako Gobernua protokoloa San Agustinez.

Azpeitiko Udalak eta Espainiako Gobernuak protokoloa sinatu zuten San Agustinez. Gobernuak jarritako baldintza obrak egiteko: San Agustin antzerkirako eta kultur erabilerarako izatea.

Espainiako Gobernuak Azpeitiko Udalari emandako diru laguntza San Agustineko obren bigarren faserako: 1.836.891,60 euro.

2006 (azaroa). San Agustinekiko interesa herritarrek.

Herritar batzuek (Aitor Bengoetxeak, Xabier Azkunek...) San Agustineko proiektuarekiko interesa agertu zuten eta Udalarekin harremanetan jarri ziren. Udalak proiektua aztertzeko eskatu zien herritar horiei, batetik; eta Eragin enpresari, bestetik.

2006 (azaroa). San Agustineko obren bigarren faserako lehiaketa.

San Agustineko lanen bigarren faserako lehiaketa deialdia egin zuen Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak.

2007 (otsaila). Udalaren eskaera San Agustineko proiektuaren alderdiez.

Proiektuaren alderdi batzuk zaharkituak gelditu zirela-eta, Udalak aurre-informe bana egiteko eskatu zien lehen aipatutako herritar haiei eta Eragin enpresari, eguneratzeko egin zitezkeen moldaketez-eta. (Guztia Kultur Mahaian aztertu zen).

Bestalde, Udalak erretaula nagusiari buruzko informea eskatu zuen, honek izan dezakeen balioa aztertzeko.

2007 (apirila). Espainiako Gobernuak San Agustineko lanen adjudikazoa jakinarazi zuen.

Altuna y Uria, S.A., y Goitu Erainkuntzak, S.L. (U.T.E.) izan zen bigarren faseko lanen lehiaketako irabazlea.

Aurrekontua 1.836.891,60 eurokoa bazen ere, 1.663.305,34koa izan zen inportea.

2007 (martxoa). Basazabal Jauregian hotela egiteko proiektua.

Udalak Eusko Jaurlaritzari Basazabal Jauregia erosi zion martxoaren 23an, bertan hotela egiteko. 229.000 euro ordainduko dizkio.

Eraikinak beheko solairuan kafetegia izango luke, eta Udalak esan zuen Basazabal garrantzitsua izango dela parte zaharra “biziberritzeko”. Alokairu moduan eraikina ustiatzeko 50 urte izango lituzke kontratua eskuratzen duenak.

2007 (martxoa). Soreasuko kanpoaldea, lehenik.

Udalbatzarrean Soreasuko kultur ekipamenduen lanez eztabaidatu zuten orduko udal agintariek martxoaren 29an. Orduan alkate zen Julian Eizmendik (EAJ) Soreasuko kulturgunea egiteko lehen deialdia hutsik gelditu zela adierazi zuen, eta bigarrena deitu aurretik zenbait baldintza aldatu zituztela. Aldatutako baldintzek, batik bat eraikinaren edukiari eragingo ziotela esan zuen. 2006an, edukia eta gorpuzkera biak egitea aurreikusten zuten aurrena, baina kanpoaldea bakarrik egingo zutela esan zuten ondoren; edukiari dagokiona aurtengorako utzi zuten. Gainera, hasierako aurrekontua %15 igoko zutela esan zuen orduan alkate zenak.

Habeak, aldaketaren aurrean, kulturgunea eraikitzeko baldintzak zehaztu zirenean aldaezinak izango zehaztu zutela gogorarazi zien; orduan aldatzearen koherentzia eza kritikatu zuen.

EAkoek, berriz, azpian ur potzuak aurkitu izanak garestitu zuela argitu zuten.

2007 (maiatza). Soreasuko lanak Antzibarri.

Maiatzaren 3ko udalbatzarrean hartutako akordioaren bidez, Soreasu kulturgunearen lehen faseko lanak Antzibar S.A. enpresari esleitu zitzaizkion; 5.003.080 euroko kontratuarekin. Lanak egiteko hamar hilabeteko epea eman zitzaion enpresari.

2007 (maiatza). San Agustineko obrak hasi.

Maiatzaren 11n hasi zituzten San Agustineko lanak, bigarren fasekoak, barrualdea egokitzeko (hasieran aipatu bezala, lehen fasean teilatuan eta udaletxeko goiko solairuetan egin zituzten lanak; horiek Udalak ordaindu zituen). Ofizialki, 2007ko uztailaren 23an hasi zituzten lanak.

2007 (urria). Udalak San Agustineko proiektua eguneratzeko aldaketa batzuk onartu zituen.

Udalak erantzuna eman zien egin ziren herritarren informeei, eta proiektua eguneratzeko aldaketa batzuk onartu zituen.

2008 (urtarrila). Kultur Mahaiaren lehentasuna San Agustin.

Kultur Mahaiko Talde Eragilean San Agustini heltzea erabaki zen, lehentasuna emanda.

2008 (hasiera). San Agustinen egokitzapenak.

Kultur Mahaiko Talde Eragileak eskatuta, San Agustinen egokitzapenak egin zituzten: lurra, argiztapena, sonorizazioa, ura eta saneamendua…

2008 (urria). Udalak 300.000 euro San Agustinen ekipamendurako, Kultur Mahaiaren txostenaren ondorioz.
San Agustinen ekipamenduari buruz ia hamar urte lehenago egindako proiektua hobetzeko txostena egin zuen Kultur Mahaian. Helburua: edozer motako ekitaldiak antolatu ahal izatea. Udalak aho batez ontzat jo zuen txostena, eta 300.000 euro bideratu zituen San Agustin hornitzeko. Kreditu aldaketa egin zuen. 2009 hasieran ikus-entzunezko aretoaren ekipamendua aberasteari ekitea aurreikusi zuen.

2008 (azaroa). Kultur Mahaiaren 2009ko planeko ardatzetakoa San Agustin.

Kultur Mahaiak azaroaren 27an egin zuen batzarra, eta 2009ko kudeaketa planeko ardatzetakoa San Agustin izatea erabaki zuen.

2009 (urtarrila). San Agustineko 300.000 euroak bere egiteko eskaera Espainiako Gobernuari.

Udalak Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioari eskatu zion San Agustineko ekipamendua hobetzeko 300.000 euroak bere egiteko, obra zibilaren barruan.

2009 (otsaila). Espainiak 300.000 euro San Agustinen ekipamendurako.

Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak onartu egin du Udalaren eskaera; hau da, berak finantzatzea ekipamendu berria —300.000 euro horiek—. Baina horregatik San Agustinen irekiera noiz izango den esaterik ez dagoela zioen Gobernuak.

2009 (ekaina). Udalak 50.000 euro San Agustinen ekipamendua bukatzeko.

San Agustin ekipamendu aldetik bukatzeko (teloia, aulkiak, eskenatokia luzatzeko materiala...), 2009ko udal aurrekontuetan 50.000 euro bideratzea erabaki zuen Udalak.

2009 (uztaila). Udal ordezkariak, kultur azpiegiturez.

EAJko, ezker abertzaleko, EAko eta Aralarreko udal ordezkariak herriko kultur azpiegiturez —besteak beste, Sanagustinez*— mahainguruan aritu ziren Uztarria herri aldizkarian. (*Kultur Mahaiak 2009ko uztailaren 9ko batzarrean erabaki zuen handik aurrera 'Sanagustin' izena ematea, 'San Agustin'-en ordez).

2009 (urria). Soreasuko auditorioa 2011ko udaberrian bukatuko dute.

Julian Eizmendi alkatearen esanetan, Soreasuko auditorioko lanak 2011ko udaberrian bukatuko dituztela “aurreikusi” dute. Hala, proiektuaren bigarren fasea eginda, Azpeitiak zinena aretoa eta antzokia izango ditu. Bigarren faseko lanak 3.200.000 euro pasatxo kostatuko dira. Kopuru horren %72 Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak emandako laguntzaren bidez finantzatuko dute. %28 Azpeitiko Udalak jarriko du: hiru urtean, urteko 300.000 euro bideratuko ditu Udalak Soreasura.

2009 (abendua). Eusko Jaurlaritzak milioi bat eurorekin lagunduko du Soreasuko proiektua.

Maria Jesus Aranburu foru diputatuak, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak eta Ana Mendizabal Kultura batzordeburuak ordurako sinatua zuten hitzarmenaren berri eman zuten. Akordio horren arabera, Foru Aldundiak hiru urtean ( 2009, 2010 eta 2011n) milioi bat euro jarriko ditu Soreasuko barne egokitze lanak eta ekipamendu eszenikoa finantzatzeko.

2009. Altuna y Uria enpresak bere webgunean zioen bukatu zituela Sanagustineko lanak.

Bigarren faseko lanez ari zen. Ekipamendua jartzea falta zen.

2010 (uztaila). Sanagustineko ekipamendu teknikoa jartzeko azken pausoa, egina.

Udalak jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak eta Altuna y Uria enpresak Sanagustineko ekipamendu teknikoa jartzen hasteko beharrezkoa zen tramitea egin zuten. Urte bukaerarako irekitzeko moduan izan daiteke.

2010 (abendua). Sanagustinen irekierako data jarrita: abenduaren 11.

Udalak eta Kultur Mahaiak abenduaren 1ean prentsaurrekoan adierazi zuten Sanagustin abenduaren 11n irekiko dela. Inaugurazio ekitaldia aurkeztu zuten.

2010 (abendua). Sanagustin ireki zen abenduaren 11n.

Sanagustin kulturgunearen inaugurazio ekitaldia izan zen. Aretoa dena bete zen, eta jende asko gelditu zen sartu ezinik. Ekitaldia bera ere ondo joan zen, herriko taldeen parte-hartzearekin.

2010 (abendua). Sanagustin osatzeko proposamena abenduaren 1ean.

Sanagustin osatzeko proposamena onartu zen Kultur Mahaiko batzarrean, eta Udalari kulturgunearen kudeaketa deialdia ateratzeko eskatu zion. Udalak onartu egin zuen deialdia ateratzea.

2011 (martxoa). Sanagustinen kudeaketarako deialdia.

Udalak Sanagustin kulturgunearen kudeaketarako deialdia ateratzea erabaki zuen martxoaren 3ko udalbatzarrean. Martxoaren 22an atera zuen deialdia buletinean. Sanagustin "uneoroko kultur erreferentzia" izateko asmoz proiektua osatu beharra dagoela onartu zuen Kultur Mahaiak abenduaren 1eko batzarrean, eta Udalari gestiorako deialdia ateratzeko eskatu zion Udalari. Kulturguneak kultur eta ostalaritza zerbitzuak izango ditu, deialdiaren arabera. 

2011 (maiatza). Udalak Kultur Mahaiari adjudikatu gestioa.

Azpeitiko Udalak maiatzaren 5eko plenoan Kultur Mahaiaren kooperatibari adjudikatu zion Sanagustin kulturgunearen kudeaketa. Azpeitiko kultur bilguneak dio "proiektu herritarra, taldeengan oinarritutakoa, plurala, orekatua, parte-hartzailea, bizia..." osatu duela. Lehiaketa publikoko batzorde teknikoak oso balorazio ona egin du egitasmoaz. Ekainaren 3an Sanagustini buruzko kontratua sinatu zuten Udalak eta Kultur Mahaiaren kooperatibak.

2011 (ekaina). Soreasu Antzokiaren auditorioa zabaldu zuen Udalak, ekainaren 4an.

Egun bat lehenago, Gipuzkoako Eskolarteko 31. Bertsolari Txapelketaren finala bertan egin zen arren, Soreasu Antzokiaren auditorioa, ofizialki, ekainaren 4an zabaldu zuen Udalak.  Herritarrek auditorioa ikus zezaten goizean ateak zabaldu zituzten eta arratsaldetik aurrera zinea botatzen hasi ziren. Lehenengo filma haurrentzat Winnie the Pooh izan zen. Helduentzako, aldiz, Piratas del Caribe 4: En mareas peligrosas.

2011 (uztaila). Sanagustin osatua ireki zen uztailaren 22n.

Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgune osatua zabaldu zuen 2011ko uztailaren 22an. Jende asko izan zen ekitaldian.

2012 (urtarrila). Udalak, Soreasuren egoera azaltzeko, kultur taldeak bertako ate irekietara gonbidatu zituen, urtarrilaren 7an.

Soreasu kulturgunean amaitu gabe dauden guneak erakutsi zizkien Udalak kultur taldeei —eta herritarrei ere bai, beste deialdi batean—. Proiektuaren arabera gune bakoitza zertarako izango litzatekeen azaldu zien eta lanak amaitzeko zenbat diru beharko litzakeen.  Gutxi gorabehera, 3.500 metro karratu zeuden oraindik amaitzeko eta horretarako 5-6 milio euro beharko zirela esan zuten.

Erantzuna gehitu