Jendetzak besozabalik hartu du Sanagustin kulturgune osatua

2011/07/22
Sanagustin kulturgune osatua ireki dute, eta aretoaren itxura berria ikusi nahi zuen jendez bete da. 20:00etan ireki dituzte ateak eta ekitaldi labur bat egon da. Kultur Mahaiko bi ordezkarik hitz egin dute —Ihintza Agirretxe eta Alex Silvak—, baita Eneko Etxeberria alkateak ere. Ondoren mokadua izan da. Ekitaldiko argazki bilduma.

Eragile eta herritar asko elkartu dira gaur iluntzean Sanagustinen, kulturgune osatuaren irekiera ekitaldian (20:00). Kultur Mahaiak kudeatuko du Sanagustin, eta Ihintza Agirretxe bilguneko ordezkariak ekitaldian adierazi du eskaintza pluralaren izaerari eutsiko diotela.

Alex Silva Kultur Mahaiko ordezkariak, berriz, Sanagustin kulturgunearen baloreak zeintzuk diren azaldu du, eta helburua "kulturaren espazioa indartu eta zabaltzea" dela esan du. "Gaurkoa, Sanagustin osatu honen hasiera da. Eragile eta herritar denen laguntza beharko dugu. Eta gu joango gara osatzen: irailetik mediateka eta jatetxeko zerbitzua... Zuen etxea da. Segi dezagun etxea edukiz betetzen, eta zaindu dezagun, guztiona delako".

Udaletik Eneko Etxeberria alkatea mintzatu da, eta kulturaren arloan Kultur Mahaia "bidaia lagun" izango dutela adierazi du. "Gu zuekin gaude, eta gure konfiantza eta babesa badaukazue. Azpeitia kultur erreferentzia izatea lortuko dugu".

Kilometroetako bertso poteokoak ere bai

Klikbertsoko lagunen bisita ere izan dute kulturgunean zeudenek. Bart 2011ko Kilometroen aldeko bertso saioaren aurretik bertso poteoa zuten eta Sanagustinera hurreratu dira haiek ere. Urko Egaña eta Julen Zelaieta bertsolariak kantuan aritu dira.

Kultur Mahaikoek, Kilometroetako antolatzaileek oparituta, gaueko bertso saiorako bina sarrera bikoitz zozketatu dituzte. Naroa Urbieta eta Maite Aramendiri Mahaiko bazkideei tokatu zaizkie eta han bertan jaso dituzte sarrerak.

Erantzuna gehitu