Igandean, Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua izango dugu

2012/10/19
Aquilino Amezua organogilearen omenaldi zikloaren baitako kontzertua izango da. 13:00etan hasita,  'Pamplona feria del toro' pasodoblea, 'Calypso' doinu dantzagarria, ABBA taldearen 'ABBA Cadabra' eta beste entzungo ditugu.

Urriaren 20an, 100 urte beteko dira bere garaian Europako organogile handienetakoa izan zena hil zenetik. Musika Bandarekin ere izan zuen hartu-emana, 1897 urtean bandako akademia sortzeko, herriko eragileek egin zuten eskaeran parte hartu zuen. Bere izena ageri dak sinatzaileen artean eta baita bandak izan zuen funtzionamendu araudian ere. Horregatik omenaldi txiki bat egin nahi dio Azpeitiko Bandak bere heriotzaren mendeurrenean kontzertu honekin.

Kontzertua The challenge of a fanfare sarrera martxa edo Fanfare-arekin hasiko dugu, Peter Kleine Schaars (1962- ) holandarrak eginikoa. Erritmo aldaketak ditu zailtasun nagusi bezala.

Ondoren Pamplona feria del toro pasodoblea izango dugu, Manuel Turrillas Ezcurra (1905-1997) konposatzaile nafarrarena. Pasodoblearen egilea Iruñako La Pamplonesa musika bandako kide izan zen 50 urtez eta San Ferminetako eta Nafarroa osoko festetako abesti ezagunenen egilea da.

Franz von Suppe (1819-1895) musikari kroaziarrak eginiko Boccaccio opereta komikoaren selekzio edo Pot-pourri bat, 1879an konposatua, izango da ondoren. Hautaketa hau M. L. Lake musikari estatubatuarrak eginikoa da eta Boccaccio operetako zati guztietako musiken errepasoa egiten du. Kontraste handiak ditu, bai erritmo aldetik, baita dinamika aldetik ere. Franz von Suppe ezaguna da mundu guztian bere operetako Obertura ezagunengatik: Poeta eta nekazaria, Zalditeria arina…

Freikugeln polka Johan Strauss Semeak (1825-1899) konposatu zuen 1868. urtean. Strauss musikari familiako kiderik ezagunena dugu, Bals-aren erregea bezala ezaguna egin zena eta musika mota hau nekazaritza mundutik Vienako jauregietara eraman zuena, moda-modan jarriz gizarteko eliteetan.

Doinu eta konposatzaile garaikideetara salto bat The highlands obrarekin. Kees Vlak (1938- ) konposatzaile holandarrak bandarako eginiko lan honetan, Eskoziar lurretako deskribapen pertsonal bat egiten digu; goizeko lehen eguzki izpiak, Bagpipers-en (gaiteroak) doinuak eta Highlands-etako (goi lurrak) zaldi basatien korrikaldiak ekartzen dizkigu gogora. Bandarako bakarrik sorturiko musika pieza bat da, 1985ean saritua Bolzanoko (Italia) konposizio lehiaketan.

Doinu dantzagarriak Calypso abestiarekin. Donato Goyeneche nafarrak, Lerin (1955), 1996an kaleratu zuen Afrika obraren zati bat da. Afrika obra korua eta perkusioarentzat sorturiko kantata bat da, Donostian estreinatu zenean Senegalgo Coral Martires de Uganda eta Donostiako Perkusionistak taldeen partaidetzarekin egin zena. Izenak dioen bezala Calypso erritmo jamaikarrean oinarritua dago. Bandarako moldaketa Joxemari Oiartzabalek eginikoa da.

ABBA Cadabra ABBA taldearen abesti batzuekin egindako pot-pourri-a dugu, Johan de Meij konposatzaileak egindako hautaketa batean. Bertan Dancing Queen, Arrival eta Money, money, money abestiak entzun ahal izango ditugularik.

Kontzertua amaitzeko Richard Rodgers (1902- 1979) estatubatuarrak The sound of music (Sonrisas y lagrimas) pelikularako sortu zuen soinu bandako Do-Re-Mi abesti ezaguna dugu, Takashi Hoshide japoniarrak bandarako eginiko moldaketa eder batean.

Erantzuna gehitu