'Arkupehotsak', musika sortzaileei balioa eman nahi dien egitasmoa

2017/06/16
'Arkupehotsak', musika sortzaileei balioa eman nahi dien egitasmoa
Sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza bat eman nahi diegu, dinamika aktibatzeko, hedapena emateko eta baliabideak jartzeko. Eta proiektu honen bitartez talde bati diskoa edo bideoklipa grabatuko diogu eta beste hainbat talderi beste kontzertu baterako aukera eman.

Hasieratik, 2011tik, sortzaile berriei babesa eskaintzea izan da Kulturaz kooperatibaren xedeetako bat. Horregatik, urte hauetan modu desberdin askotan gerturatu gara sortzaileengana eta luzatu diegu eskua gure baliabideen bitartez euren lanari bide emateko (kontzertuak, grabaketak, erakusketak, antzerki sormen egoitza programa…).

Sormenaren erakusleiho berri hau ontzerako garaian azken urteotan jorratzen gabiltzan bi osagai garrantzitsu uztartu ditugu. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia eta kasu honetan musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioaz, sormen prozesuetaz, publiko berrien sustapenaz eta formazioaz ere ari gara hizketan. Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, 'Arkupea' oholtza dugu. 2015ean hasi ginen Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu honek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen digu eta sortu genuenetik 50 bat ekitaldi eskaini ditugu bertan. Orain, gainera, azken lanak egin ditugu guztiz osatzeko.

Beraz, aipatutako bi osagai nagusi horiek uztartuz, orain artean eginiko lana balioan jartzeko asmoz eta ekimenari forma zehatzagoa eman nahian, Arkupehotsak egitasmoa sortu dugu.

Helburuak eta ezaugarriak

Helburu jakin batzuekin abiatu dugu egitasmo berri hau. 

  • Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
  • Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
  • Euskarazko sorkuntzarako baliabideak  jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
  • Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
  • Inguruan ditugun sortzaileei balioa eman eta euren jardunerako tresnak eskaintzea.

Eta parte hartzeko modua 

  • Deialdia. Funtzionatzeko modua deialdi bidezkoa izango da. Urtean bi deialdi izango dira, bata gaur bertan zabalduko duguna eta bestea azaro-abenduan. Deialdi bakoitzean 10-12 musika talde aukeratuko dira eta hauekin osatuko da ondorengo sei hilabeteetan Arkupean izango diren kontzertuen programazioa.
  • Parte hartzeko modua. Izena emateko www.kulturaz.eus webgunean jarriko dugun izenemate orria bete beharko da.
  • Maiztasuna. Guztira urtean 10-12 kontzertu egingo dira, gutxi gorabehera hilabeteko maiztasunaz. Kontzertu bakoitzean bi taldek joko dute, beraz, guztira 20-24 talderi emango zaio aukera urte osoan zehar.
  • Kontzertuak. Asteburutan izango dira (ostiral, larunbat, igande) eta doako sarrerarekin.
  • Zabala. Euskal Herri osoko taldeen plaza izango da.
  • Euskara. Abesten den hizkuntza edozein izanik ere euskarak lehentasuna izango du aukeratzerakoan.
  • Ez da lehiaketa, sormena bultzatzeko aukera/laguntza baizik.
  • Kontuan izango dira. Gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak, parekidetasun irizpideak, besteak beste.

Baldintzak 

Arkupe hotsak egitasmoan parte hartzeko ez da ezer berezirik behar. Aukeraketa bat egingo dugu deialdien epeen barruan aurkeztutako taldeen artean. Guk eskainiko dugu:

  • Aukeratuak izango diren taldeei kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa.
  • Gainera, aukeratutako taldeen artean honako laguntzak emango ditugu:
    • Talde bati disko bat grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiogu (taldeak disko berria badu bideoklip bat bitarteko profesionalekin grabatzeko aukera izango du).
    • Aukeratutako taldeek (gehienez 5 taldek) eszenatoki handian talde ezagun baten aurretik jotzeko aukera izango du.
  • Aukeratutako talde edo bakarlari horien proposamenen hedapena egingo du euskarri desberdinetan (kartelak, elkarrizketak, sare sozialak, prentsa...).

Aldiz, taldeei eskatzen dieguna da:

  • Deialdiaren orria epearen barruan eta egoki betetzea.
  • Talde hasi berria edo garapen bidean dagoen proiektu musikal berria izatea.
  • Aurrez aipatutako baldintzak onartzea. 

IRITZIAK

Jon Eskisabel (Badok)

Badok ataria euskal kantagintzaren ondarea jasotzeko egitasmo gisa sortu bazen ere, batez ere aurrera begira dagoen proiektua da. Ez da atari nostalgiko bat, iragana loriatu beste helbururik ez duena. Transmisioa oso garrantzitsua da, baina oroimena eta oroimina ez dira nahastu behar. Euskal Herrian gaur egun egiten den kantagintzak hartzen dituen forma, molde, eduki, kantaera, estetika ezberdinak erakutsi nahi ditu Badok-ek, bazterkeriarik gabe, haiek ezagutarazi eta zabaldu, entzulearenganako zubi lana egin. Eta helburu horretan bidaide izan daitezkeen eragileekin kolaboratzeko prest dago. Arkupehotsak egitasmoa horrela ulertzen dugu, sorkuntza —ez lehiakortasuna—, ikuspegi zabaleko musika zaletasuna eta sortzaile berriekiko interesa sustatzeko tresna gisa. Egileak zaintzea, haien lana aintzat hartzea eta begirada kritikoz baloratzea eta plaza duinak eskaintzea funtsezkoa begitantzen zaigu, horiek izango baitira gure kantagintzaren etorkizun osasuntsuaren bermea.

Josu Labaka eta Ainara Larrañaga (Azpeitiko Udaleko Kultur zinegotziak)

J. Labaka: Gure partetik bai Kulturaz kooperatibari, bai kultur Mahaiari eskerrak eman behar dizkiogu ekimen honengatik. Azkenengo urteetan Azpeitian plaza eskaini diogu sortzen ari denari eta diziplina ezberdinen orekak zaintzen saiatzen ari gara. Ekimen polita da herriko, eskualdeko eta Euskal Herri mailako musikarientzako. 

Ekarpen hau ere askoren arteko elkarlanari esker da. Udalaren lana baliabideak eskaintzea eta eskura jartzea da, garbi dugulako kultura herritik eta herritarrek egin behar dutela.

A. Larrañaga: Proiektu interesgarria da, batez ere gazteek pausoa emateko. Beti esaten da gazteak etorkizuna garela, baina gazteak oraina gara. Asko dugu esateko eta musika izan daiteke bide bat horretarako. Gure partetik proiektuak aurkeztera animatu nahi dugu jendea; hasi gabe daudenak proiektua egiten hastera; sortzera.

Jon Lamarka (Gaztea Irratiko koordinatzailea)

Ekimen honetan parte hartzeko gonbitea jaso genuen eta asko gustatu zitzaigun. Maketa lehiaketarekin antzekotasun asko ditu eta oso kontziente gara hasierako pausoak eta jarraipena ematea zenbat kostatzen den. Gustatu zitzaigun ere ze bultzada ematen zaion gure hizkuntzari eta gure kulturan dabiltzan gazteei.

Eta oso inportantea da ere bertan jotzeko aukera ematea. Hain justu talde askok publiko aurrean jotzeko aukera gutxi dute. Guk egiten dakiguna egingo dugu. Ekimena ahal den neurrian bultzatu gure emisoratik. 

Erantzuna gehitu