#Arkupehotsak1 abian

2017/09/07
#Arkupehotsak1 abian
Egitasmoaren lehen deialdiari 23 taldek erantzun diote. Horietatik 10 aukeratu dira urtarrilera bitartean zuzenekoak emateko. Gainontzeko 13ak bigarren deialdiko poltsan sartu ditugu.

Arkupehotsak egitasmoa sortu dugu musika sortzaile berriei plaza bat eta zerbait gehiago eskaintzeko asmoz. Dakizuen moduan, uztailean jarri genuen abian sormenaren erakusleiho berri eta garrantzitsu bat izateko desiraz. Kasu honetan, musikaz ari gara, bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko, sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berrien sustapena eta formazioa kontuan izanda. Horretarako, “Arkupea” oholtza baliatuko dugu, gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen digun eszenatokia.

Hilabeteko epean, 23 taldek eman zuten izena Arkupehotsaken lehen deialdian parte hartzeko. Aurkeztutako talde horien artetik 10 aukeratu ditugu Kulturaz kooperatiba, Badok eta Musikazuzeneanen artean. 10 talde ezberdin, leku anitzetakoak eta eskaintza interesgarriak dituztenak. Honako hauek dira aukeratutako taldeak:

  1. Hartz (Azkoitia)
  2. Kvalvika (Eibar)
  3. Mikel Uraken (Santutxu-Bilbo)
  4. Zoo (Beskoitze)
  5. Ni (Mungia)
  6. Bullets of Misery (Gernika)
  7. Falta (Hazparne)
  8. Delient (Azpeitia)
  9. Autumn (Donostia)
  10. Nau (Donostia)

Musika estilo aldetik arlo asko beteko dituen zerrenda osatu da, pop, rock, rap, elektronika, metal gogorra eta folka dituztelako lantzen. Musikalki anitza izango da; oraingo honetan halaxe suertatu da. Ez da erraza izan aukeraketa egitea, horretan ados egon gara Musikazuzenean, Badok eta kooperatiba. Kontuan izan ditugu aipatu genituen irizpideak: gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak, parekidetasun irizpideak, hizkuntza besteak beste. Gainontzeko 13 taldeak azaroan zabalduko den bigarren deialdian sartuko ditugu eta aurkezten diren gainontzeko taldeen artean bigarren aukera bat izango dute.

Kontzertu egunak honakoak izango dira: irailaren 16, urriaren 29, azaroaren 17, abenduaren 22 eta urtarrilaren 12a. Aurrenekoan, Hartz eta Mikel Uraken izango dira zuzenekoan, Azoka Herritik baitan egingo den kontzertuan.

Egitasmo honek eskaintzen duena kontzertua emateko abagunea, ekipamendu osoa, afaria eta promozioa dira. Baina, kooperatibak aukeratutako taldeen artean honako laguntzak ere emango ditugu:

    • Talde bati disko bat grabatu eta 500 kopia argitaratuko dizkiogu (taldeak disko berria badu bideoklip bat bitarteko profesionalekin grabatzeko aukera izango du).
    • Aukeratutako taldeek (gehienez 5 taldek) eszenatoki handian talde ezagun baten aurretik jotzeko aukera izango dute adostutako ordainsariarekin.
    • Kulturaz kooperatibak aukeratutako talde edo bakarlari horien proposamenen hedapena egingo du euskarri desberdinetan (kartelak, elkarrizketak, sare sozialak, prentsa...).

Josu Labaka Azpeitiko Udaleko kultura batzordeburuak kultur sormena bultzatzeko “beste pauso bat gehiago” dela egitasmo hau azpimarratu du eta halako ekimenek duten garrantzia sortzaile berriei plaza eskaintzerakoan nabarmendu. Eragile askok bat egin dugula dio beste behin: “Indarrak batuz lortzen dira pauso handiak ematea; bide horri eutsi behar zaio halako emaitza ederrak jasotzeko”.

Bankoa Credit Agricole sartu da Arkupehotsak egitasmoa babestera. Bertako ordezkari Aitor Gorrotxategi eta Ioritz Otaegik Bankoak “kulturarekin bat” egiten duela adierazi dute, gustu handiz lagunduko dutela Arkupehotsak sendotzen, “proiektu aberasgarria” delako.

Kooperatibaren aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu Bankoa Credit Agricoli egitasmo hau babesteagatik eta ekimenen honetan bidelagun gisa ditugun Azpeitiko Udala, Badok, Musikazuzenean, Gaztea eta Kultura Live Elkarteari.

Akupehotsak, helburuak:

  • Musika sortzaile berriei nahiz garatze bidean dauden musika proiektu berriei plaza duin bat eskaintzea.
  • Herriko, eskualdeko eta oro har Euskal Herriko sortzaileen dinamika aktibatzea.
  • Euskarazko sorkuntzarako baliabideak  jarri eta euskal musikari hedapena ematea.
  • Musika sortzaile berrien erreferentzia puntu bat izatea.
  • Inguruan ditugun sortzaileak balioan jarri eta heuren jardunerako tresnak eskaintzea.
Erantzuna gehitu