Euskal zinemaren garrantzia

2017/11/03
Euskal zinemaren garrantzia
'Handia', 'Pasaiako badia' eta orain 'Joseba Sarrionandia: hemen eta han'.

Soreasu Antzokiko zine programazioa ahalik aberatsena, ahalik interesgarriena izateko egiten dugu lan. Uste horretan behintzat biltzen gara asteartero kooperatibako hiru lagun. Ez dugu beti asmatzen. Zinea, oro har, -ez da Azpeitiko kasua bakarrik- bolada ahula -eta luze doana- pasatzen ari da. Horren jakitun gara, baina guk ere badugu zer landu eskaintza mantendu nahi badugu. 

Azken aste bietan, ordea, poza sentitu dugu. Oso garbi daukagu euskal produkzioko filmeei lekua egingo diegula programazioan, eta baita ere euskarara itzultzen diren horiei (umeentzako eskaintzan, adibidez). Eta diogu pozez ibili garela joan den hilabetean izan ditugulako bi pelikula Euskal Herrian egindakoak eta ikus-entzuleen erantzuna txalotzekoa izan delako. Euskarazko ekoizpenari balioa ematen diogun seinale delakoan gaude. 

Handia filma eta Pasaiako Badia dokumentala bota ditugu jarraian. 2.000 pasatxo ikus-entzule izan dituzte bien artean. Datu pozgarria da. Hala jarrai dezan nahi genuke; eta gai izatea gu hainbeste lagun erakartzen jarraitzeko Soreasuko zine programaziora. 

'Joseba Sarrionandia, hemen eta han'

Beste euskal produkzioko dokumentala dugu eskuartean zuei eskaintzeko. Datorren astean, Joseba Sarrionandiari buruz egin berri duten dokumentala botako dugu Soreasun: Joseba Sarrionandia, hemen eta han. Azaroaren 12 eta 13an izango da. Sarrerak hemen eskuratu ahal dituzu internetez, bestela egunean bertan Soreasuko leihatilan: sarrerak

 

Erantzuna gehitu