Zinema eta Zinekluba abian

2017/01/05
Zinema eta Zinekluba abian
Gabonetako geldialdiaren ondoren eta urte berriarekin batera Soreasu Antzokiko zine saioekin hasiko gara berriro aste honetan. Paradisu Zinema Azpeitiko Zineklubak ere argitaratu du apirila artean izango duen programazioa eta urteko bonoa salgai dute.

Soreasu Antzokiaren kudeaketa lortu genuenean, Kulturaz Azpeitiko Kooperatibatik zinema eskaintza integrala egingo genuela aipatu genuen, eta bide-orria aurrean genuela hasi ginen antolaketan, Azpeitiko Zineklubarekin elkarlanean. Filma komertzialez gain, Zineklubaren filmak eta egitasmoak aurrera ateratzea hitzartu genuen; eta horrez gain, zinea kalera ateratzea ere landuko genuela genion. Bada, horren adibide da, esaterako, hilabete hau.

Asteburu honetan hasiko gara berriro filmak botatzen, Gabonetako geldialdiaren ondoren. Hamabi urtetik gorakoentzat El editor de libros programatu dugu, Amerikar literaturan eraginik handiena izan zuen Max Perkins (Colin Firth), munduko editorerik miretsienaren kronika den filma. Gaztetxoentzat edo familian ikusteko, berriz, euskarara itzulita dagoen Axel, heroi txikia ikusiz hasiko dugu urtea.

 

Horiez gain, urrezko globoetarako 3 izendapen lortu dituen Comancheria, Martin Scorsese-ren Silencio eta Gorka Sesmak zuzendu duen Pixi Post eta opari-emaileak ere ikusiko ditugu hilabete honetan, batzuk aipatzearren.

Paradisu Zinema Bonoa eta gonbidatu bereziak

Urteko bonoa salgai jarri du Paradisu Zinema Azpeitiko Zineklubak, Sanagustin kulturgunean eta Soreasu Antzokian. 30€ren truke, 2017an 14 filma doan eta Mendi Tour jaialdiko 2 saioak prezio erdian dituzue bonoarekin. Horrez gain, Zineklub eguna antolatzekotan dira eta horren harira joango den egitaraurako ere balioko du.

Datorren astean hasiko da Zineklubaren programazioa Dead Slow Ahead filmarekin. Eta horrekin batera iragarri dituzte ondorengoak ere: Aloys, I Daniel Blake, Girlhood eta Merci, Patron dira. Bi gonbidatu berezi ere izango dituzte Soreasun filmak aurkezten; batetik, Anari musikaria berak aukeratutako filma batekin; bestetik, Koldo Almandoz zuzendaria bere Sipo Phantasma dokumentala aurkezteko.

San Martin egoitzan, 'Arrugas'  

Zinema Soreasutik atera eta jendearengana gerturatzeko egitasmoaren baitan, besteak beste, San Martin egoitzako saioak ditugu. Iazko uztailean froga gisa Amama filma bota eta Asier Altuna zuzendaria eraman genuen ikus-entzuleekin solasaldia edukitzeko. San Martingo kapila zinema areto bihurtu genuen eta primeran atera zen. Beste froga bat eta ondo joanez gero, hiru-hilabetean behingo programazio bat egitekotan geratu ginen. Abenduan egin behar genuen hasiera batean, baina atzeratzea erabaki zuten San Martingo arduradunek. Hil honetan egingo dugu, hain justu, urtarrilaren 25ean. Ikusiko duguna Arrugas da, animazioz eginiko pelikula eder bat. Filma ikustera edonor joan daiteke, bertako egoiliarrekin adimena lantzeaz gain, herritarrek egoitzarekiko ezagupenak eta gertutasuna lortzeko helburua baitu egitasmoak. Gonbidatuta zaudete!

 

Filmen informazioa eta sarrerak eskuratzeko modua duzue http://www.kulturaz.eus/zinea atalean.

Erantzuna gehitu