Sormenerako prest da Soreasuko Dinamoa

Sormenerako prest da Soreasuko Dinamoa
Soreasu
Lokalaren hezurdura nagusia pronto dutela, Dinamoa Azpeitiko Sorgintza Gunearen ateak ireki dituzte gaur arratsaldean Soreasun.

Orain dela hilabete eskas sormen gunearen izena, irudia eta behin-behineko kokalekua aurkeztu ondoren, gaurkoan Prest! eguna egin dute han, "Dinamoa martxan jartzeko eguna".

Elkargunearen eta lur azpiko aparkalekuaren sarrera artean dagoen lokaleko lanak ez daude guztiz bukatuta. Beheko solairua eta solairuartea batuko dituen behin betiko eskailera eta goiko gunearen itxitura partziala falta dira, esaterako, egiturari dagokionez, mahai eta bestelako materialekin batera. Baina gaur Dinamora hurbildu direnek bertan zer eta nola egiteko aukera egongo den ideia bat egiteko adina informazio jaso ahal izan dute.

Egitarauaren lehen hitzorduak

Egitaraua ere ari dira osatzen eta lehen hitzorduak zehaztu dituzte: etzi, azaroak 4, 23:00ak aldera Euskal Antzerki Topaketen 'afterra' egingo dute Dinamoan; igandean, berriz, antzerki eskolen eguna hartuko du; azaroaren 10ean, osteguna, Beti bezperako koplak animaziozko film laburra eman eta egileek sormen prozesua azalduko dute Dinamoan, 19:00etan; eta, oraindik datak zehazteko dauden arren, sormen bekak jaso dituzten proiektuen emaitzak ere Dinamoan aurkeztuko dituzte laster.

Erantzuna gehitu