Azpiegiturak

Herriko bi kultur eraikin nagusiak Sanagustin kulturgunea eta Soreasu Antzokia dira. Alde Zaharrean daude biak, 500 metrora bata bestearengandik. Biak Kulturaz Kooperatibak kudeatzen ditu.

Sanagustin kulturgunea

Azpeitiko Udalak 2011ko martxoaren 3ko udalbatzarrean kulturgunearen kudeaketarako deialdi publikoa atera zuen, hara aurkeztu zen Kultur Mahaiaren kooperatiba eta irabazi egin zuen.

Udalak maiatzaren 5eko plenoan adjudikatu zion eraikina Kultur Mahaiaren erakundeari, eta biek ekainaren 3an sinatu zuten Sanagustini buruzko kontratua.

Uneoroko kulturgunea, zabala, taldeen plaza, ahalmen ekonomikoaren bidez kultur ahalmena, elkarlana, aisia eta euskara gune ere bai... Horrez gain, eguneroko funtzionamendurako estilo liburua.

Sanagustin kulturguneko proiektu idatzia.
PDFan.

  • Sanagustin kulturguneko baloreak.
  • Azpeitiko kultur talde guztien Mahaiak kudeatua.
  • Uneoroko bilgunea.
  • Eskaintza integrala: programazioa eta ostalaritza zerbitzua (taberna, jatetxea).
  • Ahalmen ekonomikoaren bidez (autofinantzazioa), kultur ahalmena.
  • Dinamikoa, parte-hartzailea, zabala, herriko taldeen, beste eragileen eta sortzaile berrien plaza.
  • Aisiaren eta euskararen gunea ere bai.
  • Balizko diru irabaziak kulturara.
  • Parte zaharra biziberritzen laguntzeko proiektua.
  • Beste eragile ekonomiko batzuekin elkarlana.
  • Soreasu antzokiarekin sinergien optimizazioa.
Argazkiak eta ezaugarriak
Sanagustin kulturguneri buruz gehiago jakin nahi baduzu joan www.kulturaz.eus/sanagustinkulturgunea
Eta argazkiak ikusteko, berriz, www.kulturaz.eus/argazkiak/san-agustin-egoitza. 
 

Soreasu antzokia

Egun bat lehenago, Gipuzkoako Eskolarteko 31. Bertsolari Txapelketaren finala bertan egin zen arren, Soreasu Antzokiaren auditorioa, ofizialki, 2011ko ekainaren 4an zabaldu zuen Udalak.  Herritarrek auditorioa ikus zezaten goizean ateak zabaldu zituzten eta arratsaldetik aurrera zinea botatzen hasi ziren. Lehenengo filma haurrentzat Winnie the Pooh izan zen. Helduentzako, aldiz, Piratas del Caribe 4: En mareas peligrosas.

Zabaldu zenetik 2014ko ekainera arte enpresa baten esku utzi zuen Udalak antzokiaren kudeaketa. Urte horretan, lehiaketa publikora atera zuen Udalak Soreasu Antzokiaren kudeaketa. Kultur Mahaia osatzen duten 22 taldeek gogoeta abiatu zuten azpiegitura horren kudeaketa izatearen aukeraren inguruan. Dudarik ez zuten izan, abantailak bakarrik ikusten baitzizkioten. Hona hemen horietako batzuk, labur:

  • Kultur mugimenduari bizia, sustapena eta jarraipena eman nahi bazaio, mugimenduak eskura izan behar ditu behar dituen azpiegiturak.
  • Ez dago herriko kultur mugimendua baino hoberik herriko azpiegiturak kudeatzeko; beraiek ezagutzen dute herria, beraiek ezagutzen dute herrian dagoen kultur jarduera, eta beraiek ezagutzen dituzte ondoen herriko beharrak.
  • Sanagustin eta Soreasu bateragarriak eta osagarriak dira.
  • Kultur egutegi bateratura bidean urratsa izango da. Kultur eskaitza orekatua helburu.
  • Kultur Mahaiaren kooperatibaren bitartez, kultura ere eragile ekonomikoa izateko.

Beraz, jauzi estrategikotzat jo zuenez, proiektua idatzi eta lehiaketara aurkeztu zen. Irabazi ostean, 2014ko urrian sinatu zuen hitzarmena Udalarekin. 

Soreasurako proiektua

Soreasu Antzokia herriratu, herria Soreasuratu da proiektuaren asmoa. Horretarako, Antzokia edukiz betetzen ari da kooperatiba, Sanagustin kulturguneak emandako esperientzia erabiliz eta bertarako erabilitako filosofíarekin jarraituz. Baina horrez gain, Antzokia zaintzeko ardura hartu dugu. Hauek dira antzokiaren kudeaketarako irizpide nagusiak:

  • Herriko taldeen eta sortzaileen plaza izatea.
  • Kanpoko taldeak eta sortzaileak ere ekartzea.
  • Euskal kultura sustatzea.
  • Programazio finkoa izatea: zinea eta bestelako ekitaldiak uztartuta, urte osokoa, egunekoa…
  • Diziplina desberdineko ekitaldiak antolatzea.
  • Kultur sortzaile berriei aukera ematea plazara ateratzeko.

Proiektua atal ezberdinetan banatua dago. Kultur jarduera da horietako bat eta horren baitan zinea eta bestelako ekitaldiak uztartzen ditugu. Zinerako lagunartea osatu dugu Paradisu Zinema Zine Klubeko kideekin eta kooperatibako langileek osatua. Edonork har dezake parte lantaldean zinearen programazioan aritzeko; kurbieta@kulturaz.eus-era idatzi edota paradisuzinemazk@gmail.com helbidera parte hartu nahi izatera. 

Zine lantaldearen helburua izango da eskaintza anitza eta denetarikoa eskaintzen saiatzea eta herriko beste eragile batzuekin elkarlanean antolatuak ere bai, eta antzokitik kanpo ere zinea egon ahal izatea. Zinea zabaltzea, hein batean. 

Bestelako kultur jarduerak

Herriko bi antzokiak kudeatuz, aukera paregabea daukagu ekitaldi bakoitzari espazio egokiena eskaintzeko. Soreasu Antzokia eta Sanagustin kulturgunea osagarriak dira eta egutegi bateratu baten baitan erabiltzen ditugu. Herriko talde eta eragileentzat erabilgarri daude. Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundietako kultura sailen hainbat proiektutan sartuta dago kooperatiba (Euskal Antzoki Sarea, Dantza Zirkuitua...) eta proiektu propioak lantzen. Arte eszenikoen inguruko proiektuak dira, Soreasu Antzokiari bizia emateko paregabeak.  

Argazkiak eta ezaugarriak
Soreasu Antzokiari buruz gehiago jakin nahi baduzu joan www.kulturaz.eus/soreasu-antzokia
Eta argazkiak ikusteko, berriz, www.kulturaz.eus/argazkiak/soreasu-antzokia