Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdia ospatuko da abenduaren 10, 11 eta 12an

2021/10/27
Hator Hator Horror Fest beldurrezko zinema jaialdia ospatuko da abenduaren 10, 11 eta 12an
Ospel Films eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu duten jaialdian beldurrezko filmekin lotutako askotariko ekimenak izango dira

· Jada salgai daude Hator Hator Horron Festeko filmetarako sarrerak.

· Ekitaldi guztietara joan ahal izateko bonoa ere eskuratu daiteke. 

Beldurrezko zinema jaialdia abenduaren 10ean, ostirala, hasiko da, Ospel Films ekoiztetxearen PasaiaOspel eta Lekaime filmen proiekzioarekin, 19:00etan Soreasu Antzokian. Xanti Rodriguezek zuzendu ditu hiru laburmetraiak. Pasaia filma Sitgeseko Beldurrezko Astean estreinatu ostean, Soreasuko pantailan primizian ikusteko aukera izango da. Emanaldia borobiltzeko, ekoiztetxe beraren Lekaime (Sitges, 2018an) eta Ospel (Donostiako Beldurrezko Astea, 2020an) film laburrak eskainiko dira. Biek nazioarteko hainbat sari eskuratu dituzte. Segidan Xanti Rodriguez film laburren zuzendariarekin solasteko aukera izango da.

Zapatu goizean, film laburren bi emanaldi egingo dira Soreasu Antzokian. Beldurrezko laburmetrairekin pase bat eskainiko da 10:00etan -Post Mortem Mary, Carnívoro, Un minuto eta Lay Them Straight laburrak besteak beste-, eta animaziozko beste laburmetrairekin beste pase bat 12:30 tan -Homeless home, Loop eta Overrun laburrak, besteak beste-. Arratsaldean, berriz, Titane eta Halloween Kills filmak eskainiko dira, 16:00etan eta 18:00etan hurrenez hurren.

Eguna borobiltzeko, 20:30etan hasita, Hator Hator garagardoaren aurkezpena eta dastaketa izango dira Sanagustin kulturgunean. Brew&Roll garagardo marka nafarrak ekoiztu du odolez zipriztindutako garagardo berezi hau, zinema jaialdiari bultzada emateko.

Igandeko ekimenak Xanti Rodriguezek eta bere lantaldeak eskainiko duten workshoparekin abiatuko dira, Sanagustin kulturgunean 11:00etan. Ondoren, 12:30etan, haurrentzako makillaje tailerra eskainiko dute, kulturgunean bertan.

Igande arratsaldean, azkenik, The Thing  (1982) beldurrezko film klasikoa ikusteko aukera izango da, 17:00etan, Soreasu Antzokian.

Filmak ikusteko sarrerak kulturaz.eus/zinea webgunean eskuratu daitezke. Jaialdiko film guztiak ikusteko aukera ematen duen bonoa ere eskuratu daiteke, 20 eurotan. Gainontzeko ekitaldiak doan izango dira.

Bestalde, abenduaren 6tik 12ra Ospel Films ekoiztetxeko proiektuen artbooken erakusketa egongo da ikusgai Sanagustin kulturgunean.

  

Erantzuna gehitu