Sanagustin kulturgunea plazan ere hasi da ekitaldiak antolatzen

2013/07/17
Dantza ikuskizun bat antolatu zuen igandean, udalarekin batera. Kultur Mahaiaren helburua parte zaharrari eta plaza aldeari edukia, kolorea eta dinamika ematea da.

Sanagustin kulturguneak beste aurrerapauso bat eman du, eta plazan ere hasi da kultur ekitaldiak antolatzen. Aurreko igandean antolatu zuen aurrenekoa, udalarekin batera: Ahariak dantza ikuskizuna. Jendea bildu zen plazan, eta giro polita sortu zuen ekimenak.

Kultur Mahaiak kudeatzen du Sanagustin, eta helburua da plazari kultur ekimenen bidez (ere) edukia, kolorea eta dinamika bat ematea, gero eta gehiago izan dadin jendearen topalekua. Baliteke urtean zehar plaza inguruko lekuetan ere antolatzea gauzak. Mahaiko taldeekin lanketa bat egiteko asmoa dugu.

Urtean zehar parte zaharreko tabernarien elkarteko kideekin batera kontzertuak ere antolatzen ditu Sanagustinek –elkarteko kidea da–.

Azpeitiko kultur azpiegitura nagusiak herriko parte zaharrean edo oso gertu daude, plazan dago Sanagustin kulturgunea bera eta Kultur Mahaiak kudeatzen du duela bi urtetik, eta, ondorioz, Kultur Mahaiak ere nahi du plaza aldea biziberritzea. Horregatik hartzen dugu parte Alde Zaharreko Mahaian.

Mahaiak Alde Zaharraren biziberritzea zazpi oinarriren gainean egitea adostua du:

1. Bizitzeko leku atsegina bilakatu.

2. Aktibitate ekonomikoa indartu.

3. Euskararen plaza izan.

4. Erreferentzia kulturala bilakatu.

5. Aisialdirako gunea sortu.

6. Jarduera komunitariorako gune bilakatu.

7. Etorkinen integrazioaren bidetik, herri kohesionatuaren eredua sustatu.

Norabide horretan azkenaldian hainbat pauso eman da: Olazko Amaren plazako oinezkotzea, aparkaleku berri batzuk, Pilotalekuko parkea eraberritzeko urratsak, hirigintzako beste zenbait neurri, plazan aste bukaeratan ez da kotxerik izaten eta ostatuek terrazak jartzen dituzte, irailean herri azoka antolatuko da...

 
Erantzuna gehitu