Uztarriaren ibilbidea jasotzen duen 'Mugarria' ikus-entzunezkoaren aurkezpena

2014/11/27
Mugarria dokumentalean Uztarria Kultur Koordinakundearen 16 (1998an sortu zuten) eta aldizkariaren 15 urteotako ibilbidea jaso du Yuri Agirre azpeitiar kazetariak. Uztarriaren sorreran aritu zirenen eta gaur egun Uztarriako kide direnen lekukotzekin osatu du ikus-entzunezkoa Agirrek. Hala nola, Laxaro Azkuneren, Enekoitz Esnaolaren, Iban Arregiren, Josu Azpillagaren, Nerea Urangaren eta Julene Frantzesenaren hitzak jaso ditu. Gaur, 19:00etan.

15 urte bete ditu Uztarria Azpeitiko herri aldizkariak hilabete honetan. 15 urteotan hilero kaleratu du Uztarriak aldizkaria, eta hil honetan argitaratu duguna 166. zenbakia izan da. Uztarriak kaleratzen dituen bestelako produktuen 25.a aurkeztuko dugu gaur, osteguna, Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera: Mugarria ikus-entzunezkoa.

Lan horrek Uztarriaren produktuen filosofiarekin bat egiten du. Izan ere, Uztarriak kaleratu dituen liburu, disko eta liburuxka biografikoen xedea da herriko kazetari gazteei lan desberdinak egiteko aukera ematea. Horren erakusle da, orain arte argitaratu ditugun 24 produktuetako asko herriko kazetari gazteek egin izana. Orotara, 13 liburu, disko bat eta hamar liburuxka biografiko kaleratu ditu Uztarriak urte hauetan guztietan (2001etik aurrera).

Mugarria ikus-entzunezkoa Uztarriak kaleratu duen 25. produktua izango da. Abenduko aldizkariarekin banatuko dugu ikus-entzunezkoa bazkideen etxeetara.

Erantzuna gehitu