Sanagustin kulturgunea lan erditan

2015/07/27
Sanagustin kulturgunea lan erditan
Uztailaren 22an, 4 urte bete ziren Azpeitiko Kultur Mahaiak Sanagustin kulturgunearen kudeaketa hartu zuela. Esperientzia zeharo berria zen guretzat eta erronka izugarri handia. Kultur Mahaian enpresa bat sortzerainoko jauzia eman behar izan genuen, krisi garai bete-betean. Proiektuan sinesten genuelako egin genuen aurrera eta orain lan erditan gaudela (8 urtetarako kontratua daukagu Udalarekin, beste lau urtetan urtez urte luzagarri), atzera begira jarri gara pixkat bat.

Aurrez lan ugari egin ondoren, 2008tik aurrera modu autonomoan eta iraunkorrean guztiz egituratu zen herriko kultur talde zein sortzaile eta eragile norbanakoz osatutako Azpeitiko Kultur Mahaia, bere lehen lan ardatzak finkatuz, eta horietako bat, herrian zegoen gabeziatik ateratakoa zen: herriko kultur azpiegiturak. Udalarekin elkarlanerako bidea aurkitu eta Sanagustin kulturgunearen eraberritzearen ondorioz, Udalak bere ustiapen osorako ateratako lehiaketa publikoa irabazi zuen Azpeitiko Kultur Mahaiak sortutako Kooperatibak 2011ko udaberrian.

- 4 urte hauetan herriko kultur plaza nagusi izatera iritsi da kulturgunea, 600 ekitalditik gora burutu direlarik bertan. Herriko kultur sortzaileen bilgune eta agertoki nagusia izateaz gain Euskal Herriko kultur sortzaile nagusienetakoak izan ditugu bertan, kanpoko kultur eskaintzaren aletxo batzuk ekarriz. Adin eta espektru guztientzako kultur eskaintza eta diziplinen orekak mantentzen saiatu gara beti ere herri kontsumoa bultzatuz.

- Proiektua ordea, ekitaldiak antolatzetik haratago doa. Euskal (euskarazko) kulturaren sustapena eta garapena helburu, urte hauetan zehar 18 proiektu propio, ideia edo egitasmo sortu eta bultzatu dira.
- Sanagustin herriak duen ondare edo patrimonio garrantzitsua izanik, bitarteko guztiak erabili dira Udalarekin elkarlanean berau zaindu mantendu eta hobetzeko.

- Erronka ekonomikoari aurre egiten ari gara (krisi garai bete-betean sortu ginen, nahiz eta euskal kulturaren krisia ez den koiunturala) eta %85-90 arteko autofinantziazioa lortu da urte hauetan zehar.

- Sanagustingo proiektuaren bidez Azpeitiko Kultur Mahaia (eta beraz, Azpeitia) eta bere ereduaren hedapena asko zabaldu da euskal kultur panoraman:  80-90 bat udal edo eragileren arreta piztu dugu eta Euskal Herriko administrazio eta eragile nagusienekin harreman iraunkorrak ditugu.

- 2014ko udazkenetik aurrera Soreasu Antzokiko kudeaketa eskuratu dugu, horretarako Udalak atera zuen lehiaketa publikoa irabaziz. Honekin zine proiektu berria martxan ipintzeaz gain, baliabideen optimizazioan ari gara lanean: optimizazio teknikoa, edukien oreka, ... Soreasu herriratzeko eta herria Soreasuratzeko helburuarekin.

- 2014an hasitako Kooperatibizazio prozesu garrantzitsu baten amaieran gaude, proiektua juridikoki, administratiboki eta ekonomikoki asko sendotu delarik. Gurekin ditugu Kooperatiban izendatu berri ditugun lehendakaria, Joxe Luis Otamendi eta lehendakari orde, Mari Jose Bikendi.

Eta guzti-guzti honen ardatz edo oinarria guztion arteko ELKARLANA izan da, Azpeitiko Udala, kultur eta gizarteko eragile desberdinak... GUZTIONA. Proiektu honek aurrera egiteko modu bakarra azpeitiarrek horrela nahi izatea zela genion orain dela lau urte eta horixe gertatu da. Hutsak ere egin ditugu eta horietatik ikasten saiatu gara. Hutsak egiten ariko gara eta geu konturatu ez, seguru. Horregatik garrantzia ematen diogu elkarrizketari eta lasai hitz egiteari, denon artean aurrera egin dezagun.
Aurrera begira ere ekimen eta ideia ugari ditugu mahai gainean, proiektu guztiz bizia eta dinamikoa delako hau. Baina guztion laguntza beharko dugu, elkarlana eta parte hartzea direlako horrelako eredu bat mantentzeko bide bakarrak: ESKERRIK ASKO Azpeitiko Udalari eta bidelagun izan zaituztegun eragile guzti guztioi!

"Bolondres lan egin dutenak gogoan"
Udal Gobernuak ere kontu batzuk azpimarratu nahi izan ditu euren ikuspuntua azaltzeko. "Urteak betetzea pozteko arrazoi bat izaten da eta 4 urte bete diren honetan, udal gobernu berri hau benetan pozten da Sanagustin kulturguneak daraman bidea ikusita. Zorionik zintzoenak eman nahi dizkiogu Kultur Mahaiari, Azpeitiko kultur taldeei eta Sanagustin Kulturguneari. Eta urteurren honetan, bereziki gogora ekarri nahi ditugu guzti hau eraikitzen bolondres lan egin duten herritar guztiak.

Lorpen handia izan zen Kultur Mahaiaren eraketa bera, eta historikoa ez ezik eredugarria ere izan da gertaera horrek herri mailako dinamikari eman dion bizitasuna. Herriko kultur eragileek oro har (taldeak, elkarteak...), kultur sortzaileek, norbanako kulturgile askok eta Udalak elkarlanean aritzeko bidea aurkitu dute Kultur Mahaiaren bitartez. Eta seguraski, elkarlan horretan dago kultur dinamikak izan duen goradakaren gakoa. Horrela, herriko taldeek eta Udalak, bakoitzak dagokion eremutik baina norabide berean lan eginez helburu handiak lor daitezkeela frogatu da.

Urte askotako lanaren emaitza da gaur eskuartean duguna. Aspaldi egin zuten kultur taldeek kulturgunearen aldeko aldarria. Udalari dagokionez berriz, orain  zortzi urte, orduko udal gobernu berriak ireki zion atea egiteko modu honi, eta haiek ereindako haziek erakutsi digute lorategia indartzeko modu emankorrena hau dela. Horregatik, bidelagun izaten jarraitu nahi dugu, elkarlanean sakontzen jarraitu, egon daitezkeen gabeziak kimatuz eta sortu daitezkeen asmo berriak ongarrituz".

Azpeitiko kulturaren argazkia
4. urteurren hau gogoratzearekin batera eta egindakoari begirada bat botatzeaz gain, aurrera begira jarraitzen dugu.

Iaz hasita eta iazko urtea lagin gisa hartuta azterketa egin diogu Azpeitiko kulturari, Azpeitian eta momentu honetan kultura zer-nola dagoen mahai-gainean jartzeko eta horren gainean aurrera begirakoaz hausnarrean jarduteko. Azpeitiko kulturaren argazkia deitu diogu proiektuari, baina Collage bat da. Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin kooperatibak elkarlanean egin dugu.

Ahalik eta herritarren parte hartzerik handienarekin  osatu nahi izan dugu azterketa eta  kulturan zuzenean edo zeharka dabiltzan 51 eragilerekin egon gara eta 500dik gora inkesta egin ditugu herritar norbanakoen iritziak jasotzeko. Bilerak egin ditugu, elkarrizketak, galdetegiak bidali ditugu… eskertzekoa da eragile eta herritarrengandik jasotako erantzuna. Eskertzen diegu azterketa honetan eman diguten laguntza guztia, eta hori behintzat azpimarratu nahi genuke. 

Azterketa honetan parte hartu dutenek emanda, datuak jaso eta horietatik emaitza batzuk atera ditugu. Adibide bat jartzearren, orain badakigu kulturarekin lotutako eskoletan 836 ikasle dabiltzala eta horietatik %63a emakumezkoa dela. Aldiz, kultur taldeetan, non ulertzen den eskoletatik jauzi naturala egin daitekeela taldeetara kultur sormena aurrera eramateko, ondo pasatzeko, dakizuna garatzeko edo jendaurrerako prestatzeko, %30a da emakumezkoa dabiltzan 410 lagunetatik. Halako datuak jaso ditugu batetik eta balorazioak bestetik. Adibidez, komunikazioan zer hobetu badagoela; edozer egiteko/eskaintzeko moduko azpiegiturak dauzkagula baina baliabide tekniko mugatuekin; eskaintza zabala dagoela, baina agian kaleko eskaintza gehiago falta; hezkuntzak eta kulturak elkarlanerako prestutasuna dutela;  antzerkia dela herritarrek gehien kontsumitzen dutena…  Kultur Mahaiaz ere galdetu dugu, jakina. Jasotako datu eta ateratako emaitza horiekin ondorioak ateratzen gabiltza aurerra begira jartzeko.

Horrez gain, neurtu nahi izan dugu ere kulturak herrian duen eragina eta horretarako Kultiba enpresari eskatu genion horren azterketa egiteko. Kultumetria deitzen dioten proiektua dute hauek eta kulturak eragiten duen inpaktu kultural, sozial eta ekonomikoa neurtzen dute, kasu honetan, Sanagustin kooperatibak izan duena neurtuz. Laburbilduz:

Kulturala: Azpeitiko Kultur Mahaiak Euskal Kultura nola sustatzen duen, herri mugimendutik abiatuta eta sormenena eta transmisioa ardatz izanik.

Adierazleak: Kultur mugimenduaren dinamizazioa.Euskal kulturaren sustapena. Ereduaren egituraketa.

Soziala: Kultur mahaia sortu zenetik erakunde kultural bat izanik. Gizartearekin nola erlazionatzen dira eta lanaren emaitzak zer nolako elkarrizketa sortzen duen herritarrak eta beraien artean.

Adierazleak: Gizartearekin elkarlanean. Gizartearekin elkarrizketa.

Ekonomikoa: Kooperatiba enpresa bat izanik Gizarteari begira lan eginik, dirutan eta lanpostuetan inpaktua

Adierazleak: Inpaktu zuzena, eragindakoa eta zeharkakoa. 

Hau guztia irailean aurkeztu nahi diegu parte hartzaileei eta txostena banatuko diegu. Ondoren herriaren aurrean aurkeztuko dugu.   

Laburpena iruditan ere
Lan erditara iritsi garenez hasiera batean, kulturgunearen gainean prestaturiko erakusketa jarri dugu. Azken urteetako argazkiekin (Uztarria eta Alberto Belokiren laguntzaz lortuta), Sanagustinen ezentzia azaltzen duen erakusketa da.

Eta horrez gain, urte hauetan egon diren hainbat ekitaldi bildu nahi izan ditugu ere egin denari begirada bat botatzeko. Horretarako urteka jasota, kartel apaingarri batzuk atera ditugu.

Amaitzeko eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi emandako babes eta laguntza guztiagatik Azpeitiko Kultur Mahaia eta kooperatibaren izenean.

 

Erantzuna gehitu