Bi azpeitiarrek hartu dute parte gaur Soreasun emango duten 'Euskal Harriaren ABDak' film kolektiboan

2015/12/16
Bi azpeitiarrek hartu dute parte gaur Soreasun emango duten 'Euskal Harriaren ABDak' film kolektiboan
Gaur, asteazkena, Euskal Harriko ABDak film kolektiboa izango da ikusgai, Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. 26 film laburrez osaturiko film bat da eta, labur horietako bitan, azpeitiar banak hartu dute parte. Narzisio filmeko gidoia egin du Xabier Otamendik (Azpeitia, 1988) eta Iñigo Ramos (Azpeitia, 1983), berriz, Deabrua debalde pelikulako scripta nahiz aktorea izan da. Uztarria.eus eurekin egon da eta laburrak herrian erakusteak "bertigo pixkat" ematen dieten arren, "gogoz" daudela azaldu dute.

Nola sortu zitzaizuen proiektu honetan parte hartzeko aukera?

Xabier Otamendi: Gasteizko Mendizabal institutuan ikasi nuen eta handik heldu zitzaidan proiektuan parte hartzeko gonbidapena. Bertan, talde bakoitzari hizki bat eman eta, horren harira, film labur bat egin behar genuela azaldu ziguten. Sei lagun animatu ginen eta N hizkia egokitu zitzaigunez, Narzisio izeneko laburra sortu genuen. Honakoa antolatzaileek eman ziguten. Nahiago genuen S, 'Sakamantekas' izena nahi baikenion jarri.

Iñigo Ramos: Urretxu-Zumarragako KKinZona irratian egiten dut lan eta proiektu honetarako gonbidapen gutun bat heldu zen hara, "harrizain bila gabiltza" zioena. Irratiko eta gaztetxeko kide batzuk hasita zeuden jada proiektuarekin eta taldean sartu nintzen. Hamar bat lagun izan gara guztira, eta D letrarekin lan egitea tokatu zaigu.

Inoiz parte hartu al zenuten zinemarekin loturiko proiekturen batean?

X.O: Ikasketetan zehar jardun dugu bideoak egiten eta labur batzuk ere egin ditut lagun batzuekin, baina horrelako "lehiaketa" batean parte hartzea berria izan da niretzat.

I.R: Film laburren rally batean hartu nuen behin parte. Euskal Harriaren ABDak-en antolatzaileek antolatu zuten hura ere. Egun bat jarri zuten eta hitz bat eman ziguten. Horren inguruan egunean zehar lau minutuko labur bat egin behar izan genuen. Hala ere, azken proiektu honekin alderatuta oso ezberdina izan zen.

Elkarrizketa osoa irakurtzeko aukera duzue www.uztarria.eus atarian.

Erantzuna gehitu