Zinea Soreasutik San Martin egoitzara

2016/06/16
Zinea Soreasutik San Martin egoitzara
Atzo eman genion hasiera San Martin egoitzako zine saioei. Aurten 3 egitekotan gara, froga gisara. Bada lehenengoa, 'Amama' filmarena, ongi baino hobeto atera zen. Asier Altuna zuzendaria ere gustura joan zen egoiliarrek emaniko erantzunarekin eta erakutsitako jarrera irekiarekin "ekimen sozial interesgarria" dela esanda (argazkia, filma ikusi ondorengo solasaldikoa da). Pozik daude San Martineko arduradunak ere. Pozik gu ere.

Soreasu antzokiaren ardura hartu genuenean oso argi geneukan antzokiari bizia emateaz gain, zinemarena izango zela landu beharreko atal garrantzitsuenetako bat. Eta garbi geneukan, eman beharreko pauso bat zinea bera kalera ateratzea izan behar zuela, besteak beste, zinea herritarrengana hurbiltzeko modu gisara. Horren harira, aurten Paradisu Zinema Zine Klubarekin batera baditugu saioak lotuta eta abuztuan guk, Sanagustin kooperatibak, bi zine saio ere antolatuko ditugu plazan ikusteko. 

Baina nahi genuen hirugarren adinekoei ere aukera eskaintzea eta, batez ere, San Martin egoitzakoak genituen buruan. Bertako arduradunekin harremanetan jarri ginenetik jasotako erantzuna oso abegikoa eta eskertzekoa izan da. Ikusi genuen posible zela San Martinen zine areto inprobisatu bat irudikatzea (bertako kapila erabilita espazio moduan) eta egoiliarrei zine saio duin batzuk eskaintzea.

Atzo, asteazkena, egin genuen lehen froga. Amama filma eskaini genien. Gainera, Asier Altuna zuzendaria bertara ekartzeko aukera ere izan genuen. Ederra izan zen sortu zen giroa. Gustura gaude emaitzarekin.

Aurrera begira

Egoiliarrez gain, familiartekoak eta boluntarioak ere ibiltzen dira San Martin egoitzan. Horien guztiengana iristea nahi dugu. Manolo Aizbitarte egoitzako zuzendariak aurkezpenean esan zuen moduan "familiarekin edo hurbileko jendearekin halako zine eskaintzaz gozatzeko aukera izatea polita izan zitekeela pentsatu genuen. Familiartekoez gain, edozein herritar ere animatzea gustatuko litzaiguke". Izan ere eskaini nahi ditugun filmak entrenetitzeko tresna izateaz aparte, esperientziak konpartitzeko eta hausnarketarako tresna ere badira, eta hori lortu nahi dugu. Behin pelikulak amaitutakoan, bertaratutako pertsonek beraien bizipenak eta hausnarketak konpartitzea gustatuko litzaiguke, baita San Martin egoitzarekin lotura zuzenik ez duten herritarrekin ere.

Momentuz beste bi saio antolatuko ditugu, bata irailean eta bestea azaroan. Izango duzue hauen berri.

Erantzuna gehitu