Badator LABOALDIA

2018/11/12
Badator LABOALDIA
Mikel Laboa omendu eta sorkuntza grina kutsatzeko LABOALDIA antolatu dugu musikariaren heriotzaren 10. urteurrenean.

Abenduaren 1a egun berezia da euskaldunarentzat 2008az geroztik: Mikel Laboa hil zen, eta denok sentitu ginen umezurtz. Ruper Ordorikak kantua egin zion: Egun da abenduaren lehena / 2008kua / Gauza ttikien erresumatik / partitu da maisua.

Lorea Agirrek idatzi zuen Berrian: Gazteek berekiko begirune berezia izan dute beti. Txerokiak etorri ziren lehenengo. Pena bat aitortu zuen: lehen omenezko disko hartako musikari gazteekin afari bat egin ez izana. Musikari gazteagoenganako begirunea berak ere, zubi bat luzatuz: «Etorkizuna gazteen esku dago, eta nik egindakoak zerbait esaten badie, edo nire musika zerbaitetarako baliagarri bazaie, bada hori pozgarria da niretzat».

Txinaurriak etorri ziren gero. Eta etorriko dira txeroki eta txinaurri gehiago, horretarako ari gara lanean, horretarako antolatu dugu LABOALDIA Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean.

Mikel Laboaren unibertso poetikoa bere osotasunean erakustea da gure asmoa, baina ez omenaldia egiteko bakarrik, ez bere lanaren alderdi guztiak ezagutzera emateko soilik, baizik eta sortzaile berriei ateak irekitzeko, sortzeko grina kutsatzeko, mundua nork bere erara eman dezan laguntzeko.

Mikel Laboaren lanak ahotsa eta kantua ditu ardatz, edozein herri kantak bezalaxe, eta gitarra biluzi bat. Bere lanak, ordea, beste mundu asko biltzen ditu bere baitan: bere garaiko hainbat poetaren hitzak hartu zituen kanturako, Zumeta pintorearen lana hautatu irudia jartzeko, beste hainbat musikarirekin aritu zen lanean…

Mikel Laboaren unibertso poetiko oparoa erakusteko egitarau hauxe prestatu dugu:

Azaroak 21etik abenduaren 2ra
ERAKUSKETA: Laboa gertutik
18:00 - 20:00etara. Udal Erakusketa aretoan (Betharram).

Azaroak 23, ostirala
AURKEZPENA: Laboaren begiak liburuxka, Alaitz Aizpuru egilearekin.
18:00etan Udal Liburutegian.

Azaroak 24, larunbata
MURAL MARGOKETA.
Egunean zehar alde zaharrean.

Azaroak 27, asteartea
HITZALDIA: Laboaren kateak: iragana eta oraina, zilbor-heste. Ana Gandararekin.
19:00etan Sanagustin kulturgunean.

Azaroak 28, asteazkena
BISITA GIDATUA ETA HITZALDIA: Non dago Mikel Laboa? Josune Albisurekin.
19:00etan Udal Erakusketa aretoan (Betharram).

Azaroak 30, ostirala
ZUMETARENERA TXANGOA
Arratsaldez.

Azaroak 30, ostirala
SOLASALDIA ETA ENTZUNALDIA: Laboaren belarria, Ibon RGrekin.
21.30ean Azpeitiko Gaztetxean.

Abenduak 1, larunbata
KONTZERTUA: Laboa hamaika ahotsetara, herriko musikarien eskutik.
22:30ean Sanagustin kulturgunean.

Erantzuna gehitu