Euskaraz bizi; Interneten ere

2017/05/19
Euskaraz bizi; Interneten ere
Azken inkesten arabera, euskaldunak diren baino gutxiago ageri dira sarean, %3-5 inguru bakarrik. Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko

Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean ospatu genuen II. Euskarazko Internet Egunean. PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko deia egin zuten, eta guk bat egiten dugu ekimenarekin, euskara sustatzeko dugun eginbeharrari erantzunez. Ekitaldi interesgarria izan zen. Miren Gaztañaga aktorearekin barre pixka bat egin genuen eta Esne Beltza taldeko Xabi Solano eta Zigor DZ musikariek giroa jarri zuten. Baina mezua zen garrantzitsua. Honakoa da aipatu erakundeek emaniko azalpena:

"Gaur egun, webgune batean sartzen garenean, erakusten zaigun edukia, gehienetan, gure nabigatzailearen hizkuntzaren araberakoa da. Ondorioz, nabigatzailea edo mugikorra euskaraz konfiguratuta badago, webgunea euskaraz agertuko da; bestela, berriz, erdaraz.

Panorama kezkagarria da. Lan-talde honek sarean egin dituen neurketek diotenez, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza bezala. Kopuru hori bikoiztu egiten da euskaldunen artean (%10 inguru), baina hala ere, oso kopuru txikia da. Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80 bitartean).

Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko.

Horregatik, nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatzen dugu, erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzendutakoa.

Alde batetik, erabiltzaileak nabigatzailea eta mugikorra euskaratzera gonbidatzen ditugu. Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari. Aldaketa errazteko bi baliabide sortu ditugu: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa.

Horrez gain, haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzeaz gainera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea da helburua. Horretarako, Interneten ere, lehen hitza euskaraz unitate didaktikoa prestatu du Ikastolen Elkarteak. Unitate didaktiko hori Ikastolen Elkarteko ikastoletan landu dezaten bultzatuko da, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabiltzera animatuko ditugu.

Bestetik, webguneen arduardunei ere euskara lehenesteko deia egiten diegu. Hau da, haien webguneek defektuz lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cokieen esku utzi beharrean. Izan ere, sarri erabiltzaileek ez dute erabaki konszienterik hartzen, ez dituzte gailuen hizkuntzak konfiguratzen. Eta, erakunde eta enpresen ardura ere bada haien webguneek ematen duten lehen hizkuntza definitzea".

Euskaraz bizi Interneten, zu ere

Zuk ere euskara indartu nahi baduzu, ez duzu pauso txiki batzuk eman besterik, webgune honetan dioenari jarraituz: www.lehenhitza.eus

Eta horrez gain Tori.eus ere aurkeztu zuten, fitxategiak partekatzeko euskaraz dagoen zerbitzu berria. Hau da, Wetransfer-en funtzioak egiten dituen webgune euskalduna. 

Argazki bilduma

Argazkiek bere hizkuntza propioa dute, kasu honetan, Alberto Belokik ematen diena. Asteazkenean ere hemen izan zen fin-fin.

 II. Euskarazko Internet Eguna

Erantzuna gehitu