Inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu ditu 2018an Kulturaz kooperatibak

2019/01/17
Inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu ditu 2018an Kulturaz kooperatibak
208 ekitaldi antolatu ditu 2018an Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak, batez beste, astean lau ekitaldi. Datuok kooperatibaren ereduaren fruitu direla azaldu dute Kulturazeko kideek: “Elkarlana, parte hartzea eta autonomiaren arteko orekaren ondorio dira, eta hori ezinezkoa litzateke herriko eragileen, taldeen, norbanakoen eta udalaren laguntzarik gabe”.

 

 

 

2018ko Azpeitiko kultur eskaintzaren balorazioa aurkeztu dute Jose Luis Otamendi, Kulturaz kooperatibako lehendakariak, Olatz Prat, Azpeitiko Kultur Mahaiko lehendakariak eta Josu Labaka, Azpeitiko Udaleko kultura batzordeburuak Sanagustin kulturgunean eskaini duten agerraldian.

Olatz Prat Kultur Mahaiko lehendakariak adierazi duenez, ekitaldi kopurua igotzeaz gain, ikus-entzuleek “positiboki” erantzun zuten; izan ere, 48.026 ikus-entzule izan ziren ekitaldi horietan –231 pertsona, batez beste–.


Pratek Soreasuko kultur jarduera azpimarratu du: Kulturazek kudeatzen duenetik laukoiztu egin da Soreasu antzokian egiten den urteko ekitaldi kopurua. Gainera, iaztik %19 igo da Soreasu antzokira bertaratutako herritarren kopurua. Kulturazeko ordezkariek azaldu dutenez, 2014an 14 ekitaldi eta 2.500 ikus-entzule izan ziren Soreasun, eta 2018an, 57 ekitaldi egin eta 16.203 herritar izan ziren bertan.


Kultur Mahaiko kide diren taldeek sustatutako ekitaldi kopuruak ere gora egin duela jakinarazi du Pratek: 45 izan ziren 2017an, eta 65 ekitaldi, 2018an. Ekitaldi horietatik bi azpimarratu ditu Pratek, “aho zapore gozoa” utzi zutelako:Matxinada, herri antzerki musikatua, eta Laboaldia.

Egitasmo gehienak, herriko eragileek sustatuta izan ziren: 102. Halaber, Kultur Mahaiko lehendakariak gogorarazi du Kulturazek antolatutako ekitaldiez gain, beste hainbat kultur egitasmo ere antolatzen dituztela herrian Gaztetxeak, Udalak, festa batzordeek, tabernariek...

Ekitaldietan sortzaileak Euskal Herrikoak izan ziren %92an, eta, %9a baino ez ziren eman euskara ez den beste hizkuntza batean. Bestalde, kultur diziplinen arteko oreka mantentzen jarraitzen dutela gogorarazi zuten Kulturazeko kideek.


Erronkak eta kezkak

Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakariak ere Soreasu antzokiko datuen gorakada nabarmendu du, Kulturazek Soreasuren kudeaketa hartzean ezarri zuen erronka horixe zelako: “Soreasu herriratu eta herria Soreasutu”. Herri ekimenaren “eskuzabaltasunari eta tinkotasunari” esker, “autogestio handiko espazio ireki, dinamiko eta kritikoa” sortzeko bidean dela adierazi du, Soreasu Antzokiari nahiz bertan eraikitzen ari diren Dinamo Sormen Guneari erreferentzia eginez. Kulturazek duen erronka bat ere aipatu du Otamendik: “Iruditzen zaigu kulturaren aldi bateko aseak kultur gose iraunkorra ere elika dezakeela, hazia ereitea ere ekar dezakeela neurriarekin asmatzen ez bada, eta horretan ari gara, beti geure tamainari dagokion kultur eskaintza batera errenditu nahian”.

Eta, kezka bat ere azaldu du: “Kultura aski kritikoa eta aski autonomoa ez
bada, folklore bihur daiteke edo agintearentzat apaingarri edo jostailu otzan. Kulturak herri ekimenaren hauspoa bere alde baldin badauka eta herri erakundeak jendeartearen premiak eta gogoa irakurtzeko gai badira, lankidetza nahitaez etorriko da”.

Azkenik, "egunero kulturaren gihar horri eusten dioten pertsonak" aipatu zituen Otamendik: "kooperatibako langileak euren profesionaltasun eta militantziarekin hor daude, eta nahiz banaka nahiz taldeetan buru-belarri ari ohi diren sortzaileak dira egitura honen guztiaren bizkar hezurra".

Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak ere “zorionak” eman dizkie Kultur Mahaiari, Kulturazi eta herriko kultur mugimendu guztiari. Hark adierazi duenez, herri bezala “aberastu” egin da Azpeitia, Kulturazek eta Udalak elkarlanareko “formula egokia” asmatu dutelako. “Udalak Kultur Mahaiaren esku utzi ditu baliabideak, eta kultur mugimenduarekin batera erabaki da formula nola egin”. Labakak azaldu duenez, gainera, 2018an “indartu” egin da erakundearen eta kooperatibaren arteko elkarlana.


Bestalde, Kultura batzordeburuak gogorarazi du “urrats handi baten atarian” daudela: izan ere, kultur mugimendua “osasuntsu” egoteko proiektua izango den Sormen Gunearen lanak aurrera doazela adierazi zuen. “Datozen urteak erronka potolodunak izango dira, baina ilusioz hartu behar ditugu, oso garrantzitsua izan daitekeelako kultur ekosistemarentzat”. Kultura herritik sortu behar den zerbait bezala ulertu behar dela adierazi du Labakak, eta gaineratu du baliabide publikoak horretara bideratu behar direla.

 

 

 

 

 

 

Erantzuna gehitu