Baloreak, proiektua eta funtzioak

Kooperatiba proiektu ekintzaile honen ideia eta funtsa euskal kulturaren sustapena da eta Azpeitia eskualdeko kultur bilgune erreferentziala bihurtzea, eskaintza integral eta kultur programazio aberats eta zabal baten bidez, herrian eta inguruan (euskal) kultura bultzatu, egituratu eta indartzeko. Izaera guztiz soziala du, irabazi asmorik gabekoa da.

Herriko kultur talde guztiek osatzen dute Kultur Mahaia. 1998an lantzen hasi zen proiektu hau herriko kultur eta euskara eragile desberdinekin eta 2006an sortu zen. Baina, 2008 hasieratik du martxa iraunkorra eta egituratuagoa. 2011n, Sanagustin kulturgunea kudeatzeko lehiaketa irabaztean, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Koop. Elkartea sortu zuen Kultur Mahaiak.

Hemen Kultur Mahairen osaera:
• Kultur taldeak (herriko 22ak)
• Teknikariak (udal kultur teknikaria eta Kultur Mahaiko teknikaria)
• Udal taldeak (Bildu, EAJ)
• Kulturaz Kooperatibako langileak
• Norbanakoak (Kultur Mahaiak 400 norbanako inguru ditu bazkide)

Kooperatiba proiektu ekintzaile honen ideia eta funtsa euskal kulturaren sustapena da eta Azpeitia eskualdeko kultur bilgune erreferentziala bihurtzea, eskaintza integral eta kultur programazio aberats eta zabal baten bidez, herrian eta inguruan (euskal) kultura bultzatu, egituratu eta indartzeko.

Kultur azpiegituren kudeaketa soil bat izateaz haratago, proiektu bizi, zabal, partehartzaile eta dinamikoa da. Herriko kultur sortzaileek hutsetik sortua.

Herriari zabalik dagoen proiektua da, kultur arlotik haratago ere badoana, aurrekontu indartsu baten bidez zerbitzuen esparruan Azpeitiari bultzada ekonomikoa ematen ari dena. 

Izaera juridikoa

Kulturaz Kooperatiba Elkartea kontsumoko kooperatiben barne kokatzen da, izaera guztiz soziala du, irabazi asmorik gabekoa da -irabazi guztiak herriko kultur eta gizarte arlora bideratzen dira- eta babestutako kooperatiben artean dago.