Proiektuak

Kulturaz Kooperatiba Elkarteak (lehen, Sanagustin kooperatiba) eta Azpeitiko Kultur Mahaiak elkarrekin burututako zenbait proiektu aipagarri biltzen dira jarraian.
  1. Oholtzaberri
  2. Aho Bizarrik Gabe
  3. Azpeitiko kulturaren argazkia
  4. Nirvana, unplugged in Azpeitia
  5. Kultur bonoa
  6. Txiki Biran
  7. Zuzenekoak ON!
  8. Arkupean

1. Oholtzaberri

  • Oholtzaberri Azpeitiko Kultur Mahaia/Sanagustin kulturguneko kooperatibak sortutako plan bat da.
  • Plangintza Azpeitiko Kultur Mahaia/Sanagustin kulturguneko kooperatibaren, Azpeitiko Udalaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE)-ren partekatutako gidaritzapean gauzatu nahi da.
  • Aldi berean Azkotia eta Zestoako udalen eta bi herriotako antzerki eragileen partaidetza ezinbestekotzat jotzen da proiektua eskualde mailan gauzatzeko.
  • Jarraian, planaren lerro nagusiak agertzen dira, baina proiektu bizia denez aldaketa eta hobekuntzak jasotzera irekia dago. Kontuan izan, eragile nahiz sortzaileekin sortuko den bilgunean  aurrera eramango den parte hartze prozesuko emaitzak proiektuan uztartuko direla.

Deskargatu proiektua hemen: Oholtzaberri proiektua

2. Aho Bizarrik Gabe

Aaho_power_1.jpg

Oro har bi hilean behin hontaz eta hartaz jende ezagun eta euskaldunarekin solasean aritzeko helburuarekin sortu genuen Aho bizarrik gabe zikloa, 2013an, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Erlo Telebistak, Sanagustin kulturguneak, Urola Kostako Hitzak eta Uztarria Komunikazio Taldeak. Pare bat urtean, behintzat, kalitateko eta prestigioko saioak euskaraz antolatzea Azpeitian, horixe zen asmoa. Hamabi lagun etorri ziren Sanagustin kulturgunera, euren gogoetak plazatzera: Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte, Jose Maria Setien, Amets Arzallus, Jesus Egiguren, Jon Sarasua, Edurne Brouard, Fermin Muguruza, Ramon Saizarbitoria eta Gaizka Garitano. 

Herriko beste horrenbeste lagunek jarritako gaien bueltan aritu ziren solasean, batez beste ehunen bat lagunen aurrean. Hain zuzen, Mikel Aiestaran, Oihana Elduaien, Pako Aristi, Eider Alkorta, Xabier Euzkitze, Estitxu Elduaien, Enekoitz Esnaola, Josu Azpillaga, Alex Silva, Olatz Prat, Ramon Etxezarreta eta Ander Ugarte aritu ziren gaiak jartzen.

Elkarrizketatuen hausnarketa esanguratsuak orain sareko liburu batean bildu ditugu, saioak ahal den irakurgarrien eskainiz. 

Nahi izatera, Erlo Telebistaren bideoetan, saioak osorik. 

3. Azpeitiko kulturaren argazkia

kulturaren argazkia_bannerra.jpg

Azpeitiko kulturaren egoera jasotzen duen azterketa da Azpeitiko kulturaren argazkia. Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak elkarlanean egina. 

Azpeitiko kultura bere osotasunean aztertu eta diagnosia egitea zen asmoa, datozen urteetan landu beharreko helburuak detektatu eta finkatzeko, besteak beste. Non jarri behar zuen Iparra Azpeitiko Kultur mugimenduak erabakitzeko.

Metodologia gisa, azterketa hau egiteko, formalki guztira 700 inguru kale-inkesta egin ziren, batzar ireki bat herriko kultur taldeekin eta 14 elkarrizketa-bilera, besteak beste.

Txostenean herriko kultur mugimendua aztertzeaz gain Kulturaz Kooperatibaren (garai hartan, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba izenekoa) eragina ere aztertu zen Kultiba eta UPR enpresek egina. 

Txosten guztia, ondorio eta guzti, sarean jarri genuen. Irakurri daiteke hemen: Azpeitiko Kulturaren Argazkia.

4. Nirvana, unplugged in Azpeitia 

Hogei urte bete zirenean Estatu Batuetako Nirvana taldeak 'Unplugged in New York' kontzertuko diskoa kaleratu zuela, urteurrena gogoratzeko, herriko hemezortzi musikarik omenaldia egin zioten Nirvanari, 'Unplugged in Azpeitia' emanaldiarekin. 

Azpeitiarren tributoa duela hogei urteko kontzertuaren berdina izan zen: abestiak orden berean joz, eta taularatzea ere New Yorkekoaren antzekoa izanez. Asko landutako proiektu polit bat izan zen, ekitaldirako oholtza baxua jarrita, loreekin eta kandelekin.

Musikarien artean, lau taldetxo sortu genituen, bakoitzak hiru edo lau abesti jo zitzaten. Belaunaldi desberdineko pertsonek, giro eta gustu askotariko eta ezberdinekoak bildu genituen Kultur Mahaiak eta Sanagustin kulturguneak antolatutako 'Unplugged in Azpeitia' tributoan. Kontzertu ahaztezina eskaintzeaz gain, herriko musikariak biltzea eta elkar gehiago ezagutzea lortu zen.

 

5. Kultur bonoa

bonue.JPG

Proiektu honekin, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen asmoei jarraiki, kultur mugimendua indartu nahi dugu, herri kontsumoa  bultzatuz. Bonoak dituen helburuen artean herritarrentzako garrantzitsuenak honakoak dira:

  • Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.
  • Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.
  • Herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea.

Horiek dira txartel txiki honek biltzen dituen helburuak eta horiek lortzeko bidelagun daukagu udala, elkarlana baita garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metakea. 

Bonoaren ezaugarriak

Honakoak dira 2016ko kultur bonoak izan dituen ezaugarriak:

  • Urteko bonoa izan da, alegia, 2016koa.
  • Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.
  • Urteko prezioa 60€koa da (iazko bonoaren berezko balioa 190 bat €takoa izan zen).
  • Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izan dute. Beraz, 30€tan eskuratu ahal izan dute. Deskontu hau erdi bana, Udalak (Gizarte sailak) eta Kooperatibak egiten du bere gain.
  • Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros zitekeen. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat, gehienez.
  • Salduko den txartel kopurua mugatua izango da.
  • Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egin ziren ekitaldira arte. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasotzen zen sarrera.

Eskaintza

Hauetxek dira kultur bonoarekin lor zitezkeen abantailak:

  • 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
  • Antzerki edo dantzako  ikuskizunak %50eko deskontuarekin.
  • Jaialdi eta Topaketak (Aitzealdenk!, Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko     deskontuarekin.
  • Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat)

6. Txiki Biran

Duela urte batzuk Gazteria Sailak martxan jarri zuen Txiki Biran egitasmoa. Herriko haur eta gaztetxoei hilabetero ikuskizun bat eskaintzen zitzaien horren baitan. EGitasmo hura bertan behera gelditu zen. 

Kultur Mahaiak, duela bizpahiru urte, transmisioa lan ildo bezala lantzeko beharra ikusi
zuen. Asmo horren baitan, besteak beste, herriko haurrak eta kultur taldeak gerturatzeko
beharra agertu zen. Hori ikusirik, Gazteria Sailarekin harremanetan jarri eta Txiki Biran
izena berreskuratu eta elkarlanean antolatzeko aukera jaio zen.

Hala, 2014ean, egitasmoa eraberritu eta berriro ekin genion Txiki Birani. Oraingo honetan ordea, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatibak eta Azpeitiko Udaleko Gazteria Sailak elkarlanean abiatu genuen bidea.

Lehenengo harria 2014ko abenduan jarri genuen, I. Metal Topaketen baitan. Bertan, Metal Boskoteak eta Poxpo eta Inaxito pailazoek umeentzako saio didaktikoa eskaini zuten Sanagustin kulturgunean.

2015ean hamaika ekitaldiz gozatu ahal izan zuten gaztetxoek: Auzokoak , Rise & Shine,
Kantu kontari , Txantxariak , Animalien desfilea , Azpeitiko gazte antzerki tailerrekoen
emanaldia, hondarrezko eskultura tailerra…

Iazko arrakasta ikusita, 2016an ere ibilbidearekin jarraitzeko apustua egin dugu
antolatzaileok. Helburuok ditu besteak beste Txiki Biran egitasmoak:

  • Antolatzaileok elkarlanean aritzea eta agenda bateratzea .
  • Herritarrak protagonista izatea, nola haur eta gaztetxoak, hala sortzaileak ere.
  • Sormena eta transmisioa lantzea, gaztetxoak eta kultur taldeak harremanetan jarriz.
  • Herriko gune ezberdinetan egitea ekitaldiak, auzoak, plazak, antzokia, kulturgunea…
    kolorez eta biziz jantziz.
  • Eta nola ez, ekitaldiak kalitatezkoak, partehartzaileak, bertakoak eta ondo pasatzekoak izatea.

7. Zuzenekoak ON!

Iraurgi Ikastetxeak eta Sanagustin kooperatibak elkarlanean, kultur emanaldien ezagutza, kultur eskaintzaren ezagutza eta horien gaineko alderdi kritikoa garatzea helburu duen egitasmoa da Zuzenekoak on! izeneko proiektua, 2016an martxan jarria.

Iraurgi Ikastetxearen ekimenez, DBH3ko ikasleak herriko kultur dinamika gertuagotik ezagutzea da helburua. Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatibarekin elkarlanean, herriko kultur eskaintza aztertuko dute 60 bat ikaslek.

Kultur esparruko lanak eta egiturak ezagutzeko aukera izango dute eta lehen kontaktuan Sanagustin kulturgunea eta Soreasu Antzokia ezagutzen izan ziren kooperatibaren eskutik. Bi eraikinen historia eta ibilbidea ezagutu eta barruak ikusi zituzten.

Helburuak

Egitasmoaren helburu nagusia gazteek kultura zuzenean eta barrutik bizitzea da, zuzeneko kultur emanaldietara gerturatzeko ohitura sustatuz bide batez. Taldeka antolatuz, kultur adierazpide ezberdinak aztertuko dituzte eta kronikak idatzi beharko dituzte. Kronika baten ezaugarriak lantzeaz gain, gazteen alderdi kritikoa ere garatzeko lanketa izango da, musika ikasgaiaren ebaluaketarako puntuagarria izango dena.

8. Arkupean

Arkupean 2014tik landu den proiektua da. Finean, erakusketak burutzen diren erdiko arkuan ezenatoki alternatibo bat ipintzea izan da.

Eszenatoki alternatibo honen helburu nagusiak honakoak dira:

  • Sormena. Herrian eta eskualdean kultur sortzaile norbanakoekin elkarlanean, kultur sormena sustatu eta bultzatu nahi da. 
  • Hainbat ekitaldi jakinek bere neurrirako espazio bat izatea, gertutasuna eta goxotasuna lortzeko..

Gaia lehendabizi arlokako lantaldeetan atera zen, baina kooperatiba berak berekin duen filosofiak ere honetara behartu gaitu. Hau da, kulturgunea herriko kultur sortzaileen lehen plaza bihurtu nahi zen eta nahi da eta herriko eragile desberdinen lanen erakuslehio ere bai. 2012. bigarren seihilekoan eta 2013. urtean kultur ekitaldiak izan zuten arrakastek, ordea (2013an 24.000 ikusentzule inguru izan ziren bertan burutu ziren 127 ekitaldietan eta 14 aldiz bete zen kulturgunea), formatu txikiko ekitaldiak bertan burutzeko zailtasunak agertzen hasi ziren.

Hori dela eta 2014ko apiriletik aurrera, 9 hilabetetan eszenatoki alternatibo honi forma eman zitzaion, beti ere probisional eran, hau da, unean bertan eszenatokia sortuz.

2015ean Kooperatibak eginiko inbertsioek Arkupean eszenatokia finkatu zuten eta ordundik teknikoki eta kokaguneari dagokionez, eta horrek ekitaldiei egokiago datorkion trataera eta espazioa ematea ahalbidetu digu.

Hona hemen Arkupean eszenatokiaren gainean 2015ean egin zen balorazioa, bertan burutu ziren ekitaldienak:

  • Guztira 19 ekitaldi burutu dira bertan: 7 rock kontzertu, 4 bestelako musika emanaldi, 3 umeentzako ekitaldi eta 5 aurkezpen.
  • Teknikoki ekitaldiak burutzeko zailtasunak gainditu dira.
  • Ekitaldiok oso harrera ona izan dute ikusentzuleen partetik. Guztira 1.560 lagun inguru izan ditugu ekitaldietan baina sarrera-irteera haundia somatu da berauetan.
  • Ekitaldiak antolatu dituzten eragileak (beti ere gurekin elkarlanean) oso balorazio positiboa egin dute.
  • Aukera berri hau daukagunetik eragile “berri” desberdinekin izan ditugu harremanak elkarlanean ekitaldiak bertan burutzeko: Bilgune feminista, Libre dinamika, Gure esku dago, Khamar, Jubilatuen Elkartea, Goyenetxe elkartea, Elkar-ekin, Musikene.