Beti bezperako koplak, Dinamoan

2016/11/14
Beti bezperako koplak, Dinamoan
Beti bezperako koplak ikus-entzunezko sormen lan kolektiboa aurkeztu ziguten azaroaren 10ean Bego Vicariok, Patxi Azpillagak, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek.

Jende batentzat asteroko hitzordua izaten zen Maialen Lujanbiok Euskadi Irratian egiten zuen kolaborazioa, galdu ezina. Horietako batean bota zituen Beti bezperako koplak, Santa Ageda egunaren inguruan, eta eman zuten zeresana, eta zer pentsatua ere bai.

Bego Vicario autoan zihoan unibertsitatera, Arte Ederren fakultateko irakaslea da, animazioa erakusten du, bere eskuetatik pasa dira Euskal Herrian animazioa egiten duten ia guztiak, Maialenen koplak entzunda zirrara sentitu zuela esan zuen atzo. Eta gordinak zirela iruditu zitzaiola, harik eta gauean telediarioa ikusi zuen arte.

Autoan zihoan unibertsitatera, eta heldu orduko Patxi Azpillagari deitu zion: "Entzun dituzu koplak? Animazio bat egin behar dugu, baimena eskatu behar diogu Maialeni kopla hauek erabiltzeko".

Duela 10 urte galdera egin zioten: "Zertan ikusten duzu zeure burua hemendik 10 urtera?" Eta erantzunetako bat hauxe zen: "Ikasle eta ikasle ohiekin lan kolektiboak egiten".

Maialen Lujanbioren koplak gidoitzat hartuta egin dute hainbat lagunek animazio lan kolektiboa, eta horixe ikusteko elkartu ginen atzo Dinamoan 25 bat lagun. Trailerra, hemen.

Lau ziren gonbidatuak, eta proiekzioaren ostean lan kolektibo honen hainbat atal aletu zituzten, bakoitzak bere alorretik.

Patxi Azpillagak produktore lanak egin ditu eta horiexek azaldu zituen, edozein sormen proiektutan dagoen atzeko lan isil eta zikin hori: dirua bilatu, erakundeekin hitz egin, baimenak eskatu, papeleoak egin…

Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo sormen lanaz aritu ziren, koplak gidoitzat hartuta nork bere zatia egin baina besteren zatien gainean ere iritzia emateaz, lan kolektiboa eginez ikasi duten guztiaz eta eman dien pozaz, eta aipatu zuten, lana hasi eta buka denbora guztian euskaraz aritzeak ere eman diela poza.

Mundu mailako zinemaldietan dabil jada Beti bezperako koplak, eta horretarako hainbat hizkuntzetara itzuli dituzte koplak, azpitituluetan emateko: ingelesa, espainola, frantsesa, italiera, portugesa… Baina atzo euskara hutsean eman genuen, eta eskertu zuten sarreran bertsolaritza zer den edo Santa Ageda bezperako koplak zer diren azaltzen ibili behar ez izatea.

Bigarren aldiz ikusi eta entzun genuen Beti bezperako koplak, eta ondoren Bego Vicariok animazio lanean agertzen diren teknika desberdinak azaldu zituen, banaka-banaka, teknika bakoitzarekin zer lortu daitekeen esplikatuz, eta animazio lan kolektiboari zer ekartzen dion nabarmenduz. 

Jendea gustura egon ginen azalpenak entzuten, eta berez sortu ziren galderak: hori nola dago eginda? Nola lortu duzue efekto hori? Audioa Maialenek irratian botatakoa al da? 

Ordu eta erdi ondoren Alemanen gaztaina erreak eta sagardoa geneuzkan mahaian zain, eta haren inguruan jarraitu genuen hizketan, animazioaz, sormenaz, gaztainen goxoaz, Dinamoaz…

Patxi Azpillagak esan zigun zinemetan-eta bota dutela jada, baina inon ez dutela atzo bezain ondo ikusi pelikula, oso kalitate oneko proiekzioa izan zela.

Eta gu pozik joan ginen etxera, jendea pozik joan zela ikusita.