Abiadura

2024/04/23
Abiadura
Claude Monet margolariaren Le bassin aux nympheás

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, Sant Jordi, liburuak eta liliak oparitzeko eguna Katalunian; beste nonbait ere bai akaso. Hemen, zer arraio ote da hemen, hainbat ekintza antolatu dira literaturaren inguruan: liburu aurkezpenak, hitzaldiak, mahainguruak, denetik, liburuen salmenta emendatzeko asmoz.

Baina liburuak gauza bat dauka txarra, eta horregatik doa gainbehera irakurketa, bai eta salmenta ere, gaur bezalako egunetan albisteek besterik esango duten arren. Liburuak denbora eskatzen du. Denbora eskatzen du liburuak. Eskatu egiten du liburuak. Besteri entzutea eskatzen du liburuak, eta hura ulertzen saiatzea. Haren lekuan jartzea baino, hura izatea momentu batez, hura izatea irakurketak irauten duen bitartean, eta beharbada hura izaten jarraitzea gerora ere, hura ere bagarela ahaztuta izan arren.

Denbora eskatzen du liburuak. Ez hori bakarrik, beharbada ez da garrantzitsuena, baina denbora ere eskatzen du liburuak, eta gaur, nork dauka denborarik ezertarako?

Abiadura zoroan bizi gara, Presazko moteltzea proposatu zuen Iñigo Astizek apirilaren 9an Berrian argitaratutako artikuluan.

“Etor dadila elurra gure gailurretara, arren, haren abiadura motelak xuritu dezan norbere (barne) paisaia.” desiratu zuen Oihane Zuberoa Garmendiak otsailaren 18an Berrian, Elurraren edertasunaz izenburuko artikuluan.

Eta irakasle batek kontatu zigun anekdota batekin akordatu nintzen ni. Claude Monet margolariak autoa erosi omen zuen XIX. mendearen hondarrean, oraindik oso jende gutxik zeukanean autoa. Txoferra ere hartu omen zuen, eta batera eta bestera eramateko eskatzen omen zion. Pentsatzekoa den bezala, autoak eman ahala sakatzen zion txoferrak, eta hala eman omen zion agindua Monetek: ez joan azkar, bost kilometro orduko abiadan joan nahi dut, bestela ezin ditut parajeak ikusi.

Erantzuna gehitu