Abiapuntua
Mirari txiki bat da APOA, hala sentitzen dugula esango nuke. Egungo zarata eta abiadura ikaragarriaren erdian pausa bat, arnasa hartzeko leku bat, poesia irakurri eta nork beretik emateko, bestek esateko dutena aditzeko, inork fiskalizatuko ez zaituen leku bat.
Atzoko saioan 13 lagun bildu ginen, mirari handi bat da apoa. Gotzon Barandiaranen Galbahea liburuaz aritu ginen, musikaltasunaz, ibilbide baten batasunaz, hiztegietan ostonduta bizi diren hitzez, memoriaz, amamaren garaipen arkuaz, amaz, erruduntasun sentimenduaz, etorkizuneko iraganaz, eta beste gauza askori buruz.
Bakoitzak poema bat aukeratzen du irakurtzeko, eta besteri irakurtzen dio. Badira, jakina, inork aukeratu ez eta irakurri gabe geratzen diren poemak. Hau ez genuen irakurri atzo:
Lur hiztegi entziklopedikoak dioenez
belaunaldia adin bertsua duten banakoen multzoa da
euskarazko Wikipediaren esanetan
soziologian belaunaldi hitza
banako horiek partekatzen dituzten
ezaugarriak adierazteko erabiltzen da
sinonimoen hiztegiak dakartza
gizaldi jende-mende leinu ondorengo
Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean
gehitzeke daudenen artean honakoa
deserrotze kolektiboa eragin digun
gutasun astunegi bat
gure ondorengoak okerrago
biziko direnak ei direla finean
Ororentzako Euskal Hiztegia idatziko dugunean
aro berria aldaketa historikoa edo ziklo politikoa
definizioen bilatzaileak gutxienez hiru milioi sarrera
jasotzea aurreikusi beharko dugu
ez gara dena ahazteko nahikoa biziko
bizi gaituen garai honetaz idatziko dut
balizko Ororentzako Euskal Hiztegi horretan
lekukotasun gisa ager bedi corpusean
aldiro-aldiro masailetan zimiko egiten didana
adinkide askoren aldartean bisaietan
hitzetan sumatzen dudana
etsipen sakon bat errendizio mingotsa
kapitulazio disimulatua
okerrago bizi gara zuzenagoak ginenean baino?
eta abiapuntua berriz xerkatzea baino ez bada?