Barbaroak eta zibilizatuak
Bihar APOAn Itziar Ugarte Irizar idazlearen Gu gabe ere poema liburua irakurriko diogu elkarri. Idazlea da Itziar Ugarte Irizar, eta kazetaria, Berrian dabil azken urteotan, Kulturan. Batzuetan ez gara ohartzen kazetari finen lanak zenbat gauza ekartzen dizkigun, bestela sumatu ere egingo ez genituzkeenak. Niri bai behintzat.
Nekea izan behar du Durangoko Azokak Berriako kazetarientzat. Zenbat aurkezpen, mahainguru eta hitzaldi. Zenbat nobedade, musikari eta idazle. Non jarri arreta? Zeini eta nola egin lekua?
Abenduaren 8koa da kronika: Pentsamenduaren gaineko pentsamendua. Beste hainbat kontu interesgarrirekin batera, pentsatzeko moduko hau, iltzatuta geratu zitzaidana, Ibai Atutxarena:
«Euskal sorkuntzari eta pentsamenduari buruzko ignorantzia produzitu egiten da, estrukturalki. Ez da batzuek bizkarra ematen diotela, bizkarra emanarazi egiten dietela baizik».