Bernard Pivot

2024/05/07
Bernard Pivot

Bernard Pivot hil da, 89 urte eta egun batekin, literaturari azken keinua eginez bezala. Penarik ez dut sentitu, ezin esan maite nuenik, ezagutu ere ez hainbeste, baina bai etorri zait literatura ulertzeko modu bat hil dela berekin seguru asko. Oker nago beharbada, eta askoz lehenago hil zen literatura ulertzeko modu hori, eta orain Bernard Pivot besterik ez da hil. Holaxe joango da hiltzen XX. mendea, poliki-poliki.

Frantziako telebista publikoan urte luzez egin zuen Apostrophes, literaturari buruzko saioa; nobedadeei buruz aritzen ziren batzuetan hizketan; beste batzuetan elkarrizketa luzeak egiten zizkien idazleei. Marguerite Duras eta Marguerite Yourcenar elkarrizketatu zituen, esate baterako, eta baita telebistan azaldu zalea ez zen Vladimir Nabokov mukerra ere.

Kataluniako telebistara gonbidatu zuten Bernard Pivot gerora, eta han kontatu zituen elkarrizketaren xehetasunak. Hemen dauzkazue, XX. mendean bi ordu pasa nahi badituzue, bai Pivoten sarrera xehetasunekin eta bai Nabokovi egindako elkarrizketa.

Erantzuna gehitu