Denetik ikusi dut
Zaharra naiz, eta denetik ikusi dut bizitza honetan, mendi arteko zulotik irten gabe ere. Ikusi ditut autoak bide bazterrean geratzen, eta gizonak negar batean lehertzen, negar batean husten, gainezka egin dielako bizitzak, guri errekak gainezka egiten digunean bezala, dena eramanez berekin, baita gure poz apurrak ere, dena, gero jateko utzitako igel hankak tartean.
Denetik ikusi dut. Behin bahitu egin ninduten. Barrez eta zirriz hurbildu zen bikote gazte batek, belarretan etzanda jolasean eta gimnasia pixka bat egiten jardun ostean zalaparta izugarriarekin, eurei begira nengoela ikusi zuten eta jertsea bota zidaten gainera, bildu ninduten eta euren etxera eraman ninduten, maskota gisa. Izena ere jarri zidaten: Turner. Eskerrak bakazta batzuk neramatzan aldean! Derrepente gaixotu ziren humanoak, eta libre utzi ninduten etxe atzeko soroan.
Neure erreka ondorako bidea egin zitzaidan luze eta arriskuz betea, humanoa oso animalia arriskutsua baita, baina lortu nuen behintzat halako batean neure parajeetara itzultzea, humanorik gabeko bakera. Hemen ere animaliek elkar jaten dugu, baina bizitzeko da, ez beste ezergatik.