Erresonantzia kaxa

2024/11/12
Erresonantzia kaxa
Elena Mendizabal artistaren Heldulekudun kutxa metafisikoa

Bernardo Atxagaren Obaban ibili ginen lehengo astean, eta asteburuko pasadizo batek ekarri dit akordura elkarrizketetan-eta aipatu izan duen kontu bat: erresonantzia kaxa.

Hitzaren Eskolan Isabel Etxeberriak ariketa bat jarri zien ikasleei zapatuan: egin ezazue film zati honetan ikusten den gizonaren deskribapena. Egin zuten ikasleek deskribapena eta bakoitzak berea irakurri zuen. Bigarren ariketa bat jarri zien gero: itzuli ezazue testu hau euskarara. Ingelesez eta espainolez daukazue, nahi duzuena erabili itzulpena egiteko. Asmatu duzu, bai, gizonaren deskribapena zen. Gizonak patilak zeuzkala idatzi genuen, edo papilotak, ausartenak. Gero Irene Aldasoro itzultzaileak egindakoa erakutsi zigun, jada argitaratua, eta han ez ziren ez belarrondoko ile, ez patila eta ez papilot, ile-zangoak baizik. Zoragarria iruditu zitzaidan. Eta esan nion: bai, baina nola jartzen da hori zirkulazioan, nola zabaltzen da, nola hedatzen da? Eta Isabelek: betikoa, erresonantzia kaxa.

Eta Bernardo Atxagarekin akordatu nintzen automatikoki. Argia aldizkariko elkarrizketa batean esan zuen hau:

Egoera honetatik ateratzeko, euskaldunok, gutxiengoa izanda, behar duguna erresonantzia kaxa bat da: guri entzun egin behar zaigu. Eta horretarako, minimoa protokolo batzuk antolatzea da. Esaterako, norbaitek hitzaldia euskaraz eman behar duenean, politikoki inkorrektoa behar luke izan, gaizki ikusia, hizlariari erdaraz hitz egiteko eskatzea.
Gutxiengoa izanda, gure logika ezarri behar dugu, zeren eta bestela beste logikek jango gaituzte. Hiru motatako erresonantzia kaxak daude: komertzialak, ideologikoak eta komunitatearena, hizkuntzarena. Euskaldunok politikaren bitartez, gizarteko gogoetaren bitartez, eta lana benetan eginez, ez badugu gure logika ezartzen, esaterako, euskal musikari buruz, azkenean hemengo denda guztiak angloxasoniar mega-enpresek bidali duten musikaz beteta egongo dira, logika komertziala gailendu egin zaigulako.

Ez dakit noizkoa den elkarrizketa...

 

Erantzuna gehitu