Gaza Nonstop

2024/04/09
Gaza Nonstop
Atef Abu Saif idazlea, Gazako kanpaleku batean

Atef Abu Saif idazle palestinarrak 2023. urte amaieran prentsan atalka argitaratu zuen Gazako egunerokoa aholkatu nahi dizuet irakurtzeko.

Ataka estuan, bizitakoaren larriminak akuilatuta ari da goi eta behe. Usu miragarria deritzot literaturaren ahalari. Deika ari zaio beti bizitzari, bizitzak hots egiten dion bezala literaturari.

Irakurketa horren akorduak ekarri nau pentsatzera gutako asko eguneroko kontuekin gabiltzan bitartean, aldiberekotasunak nola murgiltzen gaituen inon jaso gabeko milaka bizipen eta istorioz kargatutako narrazio bilduma amaigabeetan.

Hala ere, batzuetan bizitzak eta literaturak elkarri eskua eman eta biak azalduko dira distiratsu, dirdira ilunbistaz bada ere, nork kontaturik suertatzen bada.  

Tiki-taka, tiki-taka beti ari da bihotz zabaleko norbaiten ahotsa ahanzturaren aurkako lehian, gainerakook lanean bezala paseatzen, hagineko minez edo lo gaudenean ere.

Eta antzera samar gertatzen da beste hainbeste jardueretan, biziaren aiurria azkena jo arteko jarioan segitzea baita. Nahigabe bezala, etena zer den ez dakiten hamaika egitekok eta ekinek itxuratzen dituzte pertsonon zedarriak, mugak, horietako asko eitez elkarrengandik oso diferente izanik ere.

Gu ohartu gabe, bere horretan jarraitzen duten zenbat jardun nonstop dira, tinko, inoren mesederako irautera emanak. Horra oinarrizko zerbitzu, azpiegitura eta logistikak. Inoiz ixten ez diren aterpe, erietxeak, hotelak, hoztuko ez diren ontzien makina gelak, fabriketako sutegi, biltegiak…

Ilunean ilun, ordea, eta hizpidera dakargun irakurgaiaren mamiari gertuagotik datxekionez, gerra molde bat da atsedenik gabe narrazio horren lerroak urratzen dituena. Eta gerraren parean, museko lagun, Mendebaldeko historia tamalgarrian nonstop izarren laukoa osatzera datoz gosea, izurria eta heriotza.

Jakin, ondo dakigu munduaren alde honetan bai etxea biltzen ari garenean, lagunekin gabiltzanean edo ogasun bulegoan, bai pentsamendua kontu ederretan murgilduta edo beste zernahitan ari garela, Palestinan, Yemenen, Ukrainan, Kurdistanen, Kongon…, kalamidadeen sokaren lau kantoiak destajuan ariko direna. Hori agerikoa izan arren, baina, berandu gabe egiten zara ohitu, eta ondoren, inork kontatzen ez badu, ahaztu.

Gerra aipatu, eta hemen Palestinak hartua digunez atari aldea, gerra diodan tokian irakur bedi genozidioa. Gerratik gutxi baitu Abu Saifek dakarkigunak. Israelgo estatua Palestinan burutzen ari dena gizatalde baten suntsiketa sistematiko eta berariazkoa da, genozidio esanda doiago ulertzen dena. Gatazkan diren aldeen arteko desoreka hain da basa!

Gazakoaren pairamenaren neurriak honezkero zipriztindu ez duenik izango al da inor? Urrunetik oso, txatal nimiñoetan akaso, baina ikusi egiten dugu gertatzen ari dena, eta irakurri, eta entzun. Narratibek gauzkate historiarekin eta munduarekin lotuta, albisteek, literaturak, kantuak. Bada, Atef Abu Saifen lanak bertatik bertara herri palestinarraren genozidioa bistatzeko talaian jarriko gaitu.

Gordinak dira aletzen dituenak. Hor, nahi eta nahi ez adore kontakizunek, bizitakoaren narrazioek eta musikek ikaragarri sendoak behar dute, inoiz eraso atergabeen mende dauden pertsonen bizitza triskilatuarentzat nola-halako zurkaitz bihurtuko badira. Bestela, egoera hain muturrekoa izanda, heriotza bera, lehen bai lehen hiltzea alegia, bihur daiteke itxaropenik nahiena. Ez, inork ez luke sekula hori zer den jakitera iritsi beharko.

Abagune lazgarrienetan, besterik geratzen ez denean, kulturak, kontagintzak, kantek, dantzak… giza esperientziaren ondareari ikasbide sakona ez ezik bi ahoko lotsaren ekarpena ere egiten dio. Hori sentitu dut nik behintzat Gazako egunerokoa irakurri ahala, gau eta egun indarrean den lotsaren ispilu gordin eta gardena. Lotsa beldurraren sinonimotzat hartuta batetik eta, bestetik, hurrengo elurte handira arte burua lurpean sartuta edukitzeko gogoa pizten dizun ahalkearen adiera gisa aditutako lotsa.

Biekin erasango gaitu Gazako egunerokoa kronikak, itxaropen behin eta behin urratua erakutsiz muin humano handiko literaturaz. Zorionez berriro ere euskaraz ari zaigu Berriako katu-zulotik mundua. Ohitzetik ahaztea dator. Dena den, Abu Saifen izu-laborriari begietara so egiteko tenple hori non-nola ikasten den galdetzeak ikara ere sortzen dit.

Narratiba bat behar du biziaren aldeko oldarrak. Literatura, kultura nor izaten jarraitzeko eta besterenak zeure egiteko funtsezko arma da.

Hala Gazako egunerokoa, sasoi dramatiko honetan kontakizun garrantzitsua da nire aburuan eta buruan. Baina egia biluziak gutxitan dakar patxada. Urgentziazko literatura duzu erabat. Eta jakina, oso ona denez ez dizu onik egingo.

Bizimin nonstop bat.

 

Jose Luis Otamendi