Ia dena

2024/10/25
Ia dena

Hizlandiako lurretatik aparte ibili gara aste honetan, bestelako eginkizunetan lotuta. Aurtengo CAF-Elhuyar sarien banaketara joatea tokatu zitzaigun, esaterako, iaz jasotako sormen bekarekin zer egin genuen aurkeztera.

Ia dena jarri genion izena proiektuari, Ia dena jardunaldiari, Ia dena jardunaldien laburpen bideoari, eta ia denak harritzeko hartutako erabaki batekin, Ia dena jarri genion izena sari banaketan irakurri genuen poemari.

Ia etxe guztietako ia leiho guztiak

argiz beteak

Ia etxe guztietako ia pertsona guztiak

pantailari begira

eta pantailan ia dena

ia

ia dena

ia-ia dena

ume hilak gazan

ospitaleak lehertzen misilak

mugan pistola bat tiroka inork destatu gabe

bere kabuz erabakitzen du zeini egin tiro eta zeini ez

algoritmoa sinplea izango da: egin tiro mugitzen den orori

droneak gizakien atzetik hegan mendebaldean

droneak gizakien atzetik hegan ekialdean

hala agindu zaielako: bilatu eta suntsitu

bilatu eta suntsitu

eta grabatu dena, grabatu den-dena

guk begiratzeko

pantailan

ia dena

eta ezer ez ikusteko

scrollean

scrollean

bortxaketak

bortxaketa grabatuak

bortxaketa grabatuak milaka

bortxaketa grabatuak milioika egunero

bortxaketak

torturak

hilketak

scrollean

algoritmoa sinplea izango da: bat ikusi duenari eman ehun

eman mila

eman milioi bat egunero

 

arrazionaltasun konputazionala zer iruditzen zaizue, itsusia?

nekrokapitalismoa zer iruditzen zaizue, hiperbolea?

feminizidioa zer iruditzen zaizue, esajeratua?

 

Ia etxe guztietako ia leiho guztiak

argiz beteak

mundutik aparte

eta munduaren ispilu

Ia etxe guztietako ia pertsona guztiak

pantailari begira

ispiluari begira

pantailatxo, pantailatxo: badea ni baino ederragorik munduan?

pantailatxo, pantailatxo: maite al nau jendeak?

eta denok besterentzat atsegin izan nahian

eta denok besterentzat lanean, bide batez

denok txaloak eta bihotzak biltzen 

instante zoriontsuen marrazketan

ezezagunen hatzetan

ezezagunen begietan

eta egunaren bukaeran

ez dago inor zure ondoan

pantaila itzalia den ispiluan

 

goizeko zazpietan gimnasioa ireki zain dago jendea

lanerakoan ikusi ditut

scrollean

beiratea daukate orain gimnasioek

ikusi egiten da jendea korrika 

dagoen lekutik mugitu gabe

ikusi egiten da jendea bizikleta estatikoan

inora ez iristeko eman eta eman

aurikularrekin

mundutik aparte

eta munduaren ispilu

ez dute inoiz entzun arrazionaltasun konputazionala, seguruenera

 

goizeko zazpietan autobusaren zain dago jendea

lanerakoan ikusi ditut

scrollean

batzuek lo kamutsa egingo dute autobusean

zerekin egingo ote dute amets 

zerekin egiten du amets gizarteak

beste batzuek scrollean emango dute denbora

eta denbora badoa scrollean

algoritmoa sinplea da: segi denbora ematen makinari

 

segi dena ematen makinari: izenak, helbideak, telefonoak, argazkiak

adiskideak, maitaleak, etsaiak, eman dena makinari

lan egunak eta jai egunak, eman dena makinari

eman dena makinari

ia dena behar du

zu izan ezik

 

makinari ez zaio axola zer zaren

makinari ez zaio axola zer pentsatzen duzun

makinari ez zaio axola zer sentitzen duzun

makinari ez zaio axola zu

ez bada zure denbora

ez bada zure datuak

ez bada harrapatzeko

ez bada lapurtzeko

 

arrazionaltasun konputazionala zer iruditzen zaizue, zehatzegia?

ala eufemismo bat, inteligentzia kolektiboaren lapurreta esateko?

zerekin egiten du amets gizarteak?

zer eskatzen du herriak?

 

goizeko zazpietan gimnasioa ireki zain dagoen jendeak

irakurrita ote dauka Roland Barthesen Mitologiak liburua?

irakurtzen ote ditu Marta Peiranoren artikuluak?

irakurrita ote dauka Boris Groysen “Google: hizkuntza gramatikaz haraindi” artikulua?

 

Boris Groysek dio 

irakurrita ez daukazuenontzat

gizakiak munduarekin duen elkarrizketa dela bizitza

gizakiak munduari egiten dio galde

eta munduak interrogatzen du gizakia. 

Munduarekin daukagun elkarrizketa hori, ordea,

premisa filosofiko batzuetan oinarritzen da,

medioari eta moduari dagokionean. 

Gaur egun, munduarekiko elkarrizketa hori internet bidez egiten dugu, 

eta batez ere Google bidez. 

Beraz, garai batean erlijioak eta filosofiak bete zuten rola orain Googlek betetzen du. 

Google da ezagutzen dugun lehen makina filosofikoa. 

 

Baditu urte batzuk artikuluak, ohartu zaretenez

baina Boris Groysek Google dioen lekuan

jarri nahi izatera arrazionaltasun konputazionala

eta horra hor gaur egungo erlijioa

gaur egungo filosofia nagusia: estatistika

 

arrazionaltasun konputazionalak ez dizu ezer berririk ematen ordea

aurrez esan, aurrez egin direnen artean arakatzen du

eta hori ematen dizu berria bailitzan

 

algoritmoa sinplea da: entretenitu jendea txorakeriekin

algoritmoa sinplea da: zuk zeure burua baino hobeto ezagutzen zaitugu

algoritmoa sinplea da: izan dezatela fedea algoritmoan

 

Euskal Herriko kantari ezagun batek esan zuen elkarrizketa batean:

“Beldur nintzen atseden hartu ondoren algoritmoak ez ote ninduen bazter utziko.”

 

Sormen beka bat behar izan dugu,

eta urtebete luzeko lana

ongi etorri izua emateko

garai berriari

Erantzuna gehitu