Mundu honetara

Franz Kafkak zioen gauzek garrantzia galtzen dutela idaztean, baina berria hartzen dutela batzuetan, beste zerbait pizten dutela, beste esanahi bat hartzen dutela agian, edo, auskalo, beste norabait eraman dezaketela bat, beste mundu batera, beharbada, edo honetara, seguru asko, baina beste era batera.
Hala gertatu zait niri ipuin honekin. Lagun arteko elkarrizketan agertu zen Liam O´Flaherty, batek John Forden The Informer (Informatzailea) filma ikusi zuelako bezperan, Aran uharteetan jaiotako idazle irlandarrak idatzia. Hala agertu zen hizpidera, ezagutzen ez nuen idazlea.
Iñigo Aranbarrik itzulitako Jende behartsua ipuina armiarma atarian zegoela ikusita, tarte bat hartu nuen irakurtzeko (zergatik ez dut tarte bat hartzen gehiagotan), eta ikaragarria iruditu zitzaidan ipuina, bere gogorrean oso ederra. Otsaila da ipuinean ere, 15a zehatz esateko, hamar egun falta dira, baina ze axola dio. Otsaila da beti jende behartsuaren bizitzetan.
Esaldi bat iltzatu zitzaidan: Pobreak dira pobreen malurez arduratzen direnak.
Zohikatza irakurri eta Wikipediari galdezka hasi nintzaion, eta hara, gaurko Berrian, Enekoitz Telleriak zohikaztegien inguruan idatzi du erreportaje eder bat.
Holaxe etorri naiz mundu honetara Irlandatik bueltan.