Irakurleak atxilo

2024/08/27
Irakurleak atxilo

Gauza zoragarria da udara. Bizitza zein ederra izan zitekeen akordarazten digu urtero, baldin eta lanik egin beharrik ez balitz, edo estudiatu beharrik, baldin eta sistemaren gurpilarentzat lubrikantea izateko jaio ez bagina, pobreok.

Albisteak arinak dira oro, albisterik ez baitago ia, mundua gelditu bezala egiten da; edo albisteak badaude, eta munduak bueltaka jarraitzen du, baina geu gara gelditu garenak, eta arretarik jartzen ez diogunak munduaren martxa eskasari, eta beste gauza batzuekin entretenitzen gara: joko olinpikoak, festatako programak, oporrak Thailandian.

Aberatsak ere hiltzen dira, eta gaitzerdi. Bayesian yatea nola hondoratu den irakurtzen hartu duzu gozatua, Mike Lynch, Bill Gates britainiarra, ez zenuen besterik merezi, Salute izen ederra jarri zioten ontziari eta zuk Bayesian aukeratu zenuen, estatistika, zoaz urpera betiko. Zure dirutzaren jatorria, estatistika, informatika, jarri zenion izen yate harroari, eraiki zenean munduko mastarik luzeena zeukanari, bai, zeuk zeneukan haundiena, baina ez dut uste urpean asko beharko duzunik.

Zu ere informatikoa zara, Daniele, hala agertu da albisteetan, baina ez duzu egin dirutzarik, bestela ez zinen sartuko Erromako Prati auzo aberatseko apartamentu batera usnaka eta aztarka, zer aurkituko. Liburu bat irakurtzen geratu omen zinen; barre egin dizu munduak.

Beti paratuko naiz irakurlearen alde.

 

Erantzuna gehitu