Izenak

2024/03/14
Izenak

 

Palierra, lertxuna, porlana, zuloa… Izenak. Izenak. Izenak. Zer egin izenak behar bezala zaintzeko, horretan oso iaioa ez bazara? Gainera, lehendik dakizkizun asko denboraren hustubidetik behera turrustan doazkizula sumatzen baduzu, zer? Mundu bat da hor galtzen ari zarena, eta nola edo hala eutsi egin nahiko zenieke lur honen gainean zauzkaten heldulekuei.  

Izendatzeak izengaiaren bidean jartzen du jendea. Txundigarria da inguruan dutena bere izenez zuzen adierazteko gauza direnen jakituria. Haientzako mundua uhalean hartuta daramaten maskota baten antzekoa izango dela irudikatzen dut. Kixkali egiten nau bekaitzak.

Nik, berriz, sarri askotan zein bere izenarekin lotzeko lanak eta bi izaten ditut. Gero eta gehiago. Garai batean ikasitakoen artean bazen ba non aukeratu! Hobi sakon hori kurioso samar apailatua izan genuen gazte ginela. Kalea, eskola, etxea. Orain, aldiz, lehen ikasitakoak ahaztu, eta ia ale berririk bildu ezin gogoan. 

Naturala bezain etsigarria da. Ez dago urrutira iristerik bizidunei eta gauzei nola deitu ez badakizu. Eta Googlerekin ezkonduta bizitzeko ere ez gaude. Izenen arteko mugak bigundu eta gero eta lausoagoa zait, bestalde, izen bakoitza eta hark izendatu asmo duenaren arteko barruti labaina. 

Hala, beti dago ibili beharra zereko zeretan bazterrak nazkatzeko beldurrez, esan nahi duzuna sekula garbi aditzera emateko ezgai. Lorontzian kabituko ez den landare oro arbola da. Txori jendeak ere, txoria adiera arrunt basikoa besterik ez dakar hegoetan. Eta berdin antzera gertatzen naiz loreekin, harriekin, hodeiekin… 

Arren, eman izenak, izendegiak, hitzak, hiztegiak niri! Gero bizitzea etorriko da, eta izenak bete edo hustuko dira edukiz, mamiz, hezurrez edo airez denborarekin. Izan ere, mundukoak geuk izendatzen ditugun bezala, besteek egiten gaituzte gu. Eta gure izenak ere, harri borobilen gisa, hurkoaren gogo-bihotzen mihiaz egiten dira, higatzeaz batera doitu.

Pentsatu. Gaur goizean burura etorri zaizkizunen laurdenarekin soilik osa daiteke izenen erakusketa antologiko bat. Ai, izenen luze-zabal eskuragaitza! Eta haien miraz sukarrak joko bazintu, egizu gertuko hilerri batera esaterako, han kausituko duzu izenen museo garaikide bat funtsez ondo hornitua.

Izenak plazer, porrot, gogoeta, apaltasun iturri dira. Izenik ez duena izengabea da, ala isiltasun neutroaren indarrez anonimatuaren hautu politikoa ezarri diotena? Beraz izendatzearen eta esan gabekoen ingurukoak hondo sakoneko osin ere badira. Dena den, arakatu aldean dituzun izenak, miatu barrunbeetan, kendu hautsak, edo asmatu bestela. Baina izan eskuzabal ahal dela, eta elkarri eskaini, eman.

Nik, nor izango banaiz, izenen premia daukat. Nahiz horietako asko atoan atzendu edo ahaztu. Airea bezala aldiro berritu behar izaten ditut. Hainbeste ematen digute! Horregatik, eta Hizlandiako poeta lehenaren esakunea oso libre parafraseatuz, aldi dudanean, izenenganako nire begikotasunaren erakusgarri, estimatzen dudan jendeari gauza bat eskatu ohi diot: zoazen tokira zoazela ekarridazu izen bat.  

Osasunaren antzera, ondo izatekotan, izenek ere zaindu beharra dute. Zinta amerikarra, lantzurdea, kaskabeltza, pistola, tortoloxak… Izenak. Izenak. Izenak.

Jose Luis Otamendi