KATYren heriotzea Ainhoaren ahotik

2024/04/16
KATYren heriotzea Ainhoaren ahotik

Apirilaren 25ean argitaratuko dugu Hizlandia podcastaren 3. atala, Harkaitz Canorekin grabatu genuena. Bernardo Atxagaren Etiopia liburua aukeratu zuen hizketarako. Elkarrizketa egiteko liburua berriro irakurri genuen, eta gauza zoragarriak topatu genituen, bere garaian liluratu gintuztela akordatu ere egiten ez ginenak. Ipuin labur hau, esate baterako:

 

KATYren heriotzea Ainhoaren ahotik

 

Nahi duzu esatea, bai, benetan nahi duzu esatea Katy zein zen, bai, bada zuk ezagutzen duzu etxe handi bat eta ate berdea, eta zapateria bat eta emakume lodi lodi bat beti soineko beltzarekin eta horrela, eta ez al dakizu nola dagoen bide bat eta dena harriz betea eta nola beste bide ttikiago bat ere badagoen, eta gero ibaia eta arrainak eta txalupa asko, bai ba al dakizu hori, hor bizi al zara zu, bada hor bizi bazara ikusiko zenuen Katy, oso kontent jartzen zen inor ikustean, inor bai inor, edozein ikusita jartzen zen kontent, oso tuntuna zen, ez al dakizu nola ras ras mugitzen duten isatsa, bueno, bada gero izugarri hazi zitzaion tripa eta gero ospitalera eraman zuten eta amak esan zuen hori alferrik da eta horregatik hil zen Katy eta zuk igual, igual ikusi zenuen funerala, baina nik ez nuen ikusi maistrak ez joateko esan zuen, maistrak esaten du zakurrak ez dira klaseko ume ttiki hura bezala, ez al dakizu nola plaian ito zen, Bilboko edo Frantziako edo ez dakit, baina plaian egon zen mutiko hura, eta tripa puztu zitzaion Katyri bezala, eta horregatik hil zen Katy.

Erantzuna gehitu