Noeren ontzia
Errezeloa neukan lehen ere aipatu nuela hemen Noeren ontzia, baina beharbada asmoen lainoan baino ez zen geratu, auskalo, lainotik lainora dabiltza gure gurariak, beharbada.
2024ko abenduaren 4an argitaratu zuen Berriak Miel Anjel Elustondoren erreportajea: Noeren ontzia, Garikanoren arka. Eta han azaltzen zuen Asun Garikanoren asmoa: Noeren ontzia, Hezkuntzarako Euskal testuak.
«Uholdearen aurretik Noek lurreko izaki bizidun guztiekin egin zuen bezala, ontzi honek tokia egin nahi die gure kultura ondarearen ale printzipalei. Hortik izena. Aukeratu egin behar ale printzipal horiek zein diren. Biltegi ugari ditugu. Baina irakasleei ezin eskatu biltegi horietan arakatzen hasteko. Denbora behar horretarako. Adibide bat jartzearren, urteen joanean Nagore Irazustabarrenak ehunka artikulu argitaratu ditu Argia aldizkarian. Horietako hiruzpalau hautatzea da gure lana».