Nork ikasiko du hizkuntza minorizatu bat?
Anjel Lertxundik sei idazle eta itzultzaile gonbidatu zituen, eta gaia jarri zien:
“[…] imajina ezazue zuen burua tradizio literario urriko hizkuntza bateko idazle edo itzultzaile gisa. Oso eskergarria genuke zuen ikuspuntua, interesgarria zaigu jakitea nola kokatuko zenuketen zuen lana gure gaurko munduan —gure tokian jartzeari inolako zentzurik ikusiko zenioketen kasuan, jakina—, eta, batez ere, guretzat perspektiba interesgarri asko zabaltzen dituen talaia litzateke honakoa: zuen ustetan halako egoera batek zer eragin izango luke zuen idazkuntzan? Lanbide zenuketen hizkuntzaren destino lausoa zer-nolako zama izango litzateke zuen literaturarentzat?”
Tradizio literarioaren garrantziaz Jon Alonsok ederki idazti zuen Astrolabioa liburuan. Ez dago sarean, tamalez. Anjel Lertxundik hala dio sarrerako testuan:
Azken finean, idazle zein itzultzaile baten lan-tresna —hizkuntza— kinka larrian egotea edo osasuntsu egotea ez da garrantzirik gabeko auzia beren lanerako. Besteak beste, osasunak kezka uxatzen du eta bizipozerako aukera ematen.
Osasun azterketak sarri samar egiten dizkiote euskarari: erretzeari utzi behar zenioke.
Elkarrizketa egin diote Ander Lipusi 111 akademiaren aldizkarian, eta hauxe esan du, besteak beste:
Sistemarekin ibiltzeak beti eman dit izugarrizko beldurra; nire arima saltzearen beldur hori. Bitxia da, orain gure taldea, Artedrama, Gernikan baitago, eta Gernikan ere badute proiektua. Ari naiz ihesean. Beraz, Gernika utzi beharko dut. Argi daukat sistemari ez zaiola kultura benetan interesatzen. Ez dago kulturarekiko errespeturik. Oso azaletik ukitzen den gai bat da. Euskaldun bezala, gure identitatea zerbait bada, euskara da. Euskaratik etorriko da gure herri honen izatea eta egitea. Bestela, izango gara europarrak. Eta ni lan horretan ari naiz. Gero eta gehiago. Hori egiteko beharrezkoa da herria. Eta herritarrak kontzientziatzea. Beharrezkoa dugula euskarazko antzerkia, musika, literatura, poesia xurgatzea eta sortzen jarraitzea, bestela herri bezala galduak izango gara. Nik sentitzen dut sistemak hori ez duela ekarriko, ez dagoelako horretarako sentsibilitaterik. Hortaz, artistoi dagokigu esfortzu estra bat egitea hori hala izan dadin.
Gaurko Berrian dator albistea, itzultzaile neuronalen jarduna arautzeko eskatu dutela. Eduardo Apodakak bota du galdera: Nork ikasiko du hizkuntza minorizatu bat?