Nork kontatuko du gure bizitza?

2024/08/28
Nork kontatuko du gure bizitza?
René Magritte artistaren La reproduction interdite

Besteren bizitzak imajinatzen hasten naiz batzuetan: Daniele, nolakoa ote da zurea?

Non jaio zinen, ze auzotan pasa zenuen haurtzaroa, zer egiten zuten zure gurasoek? Etxetik kanpo egiten zuten lana, lana egiten bazuten? Zer lan egiten zuten, ze ordutegi zeukaten? Erroman jaioak ziren, ala nondik edo handik etorriak? Zenbat anai-arreba zarete? Bizi dira, mantentzen duzu harremanik haiekin, deitzen diezu telefonoz urtean behin sikiera? Nora joaten zineten oporretan?

Nolakoak ziren gurasoak? Banatu egin ziren, egon ziren banatzeko zorian, ez zuten banatzeko modurik, enbataren aurrean elkarrekin hobeto zeudela erabaki zuten, maite zuten elkar? Irakurri zuten inoiz John Bergerren poema hura: "Maitatzearen aurkakoa ez da gorrotatzea, banatzea baizik"? Zer gustatzen zitzaizun txikitan, Daniele? Ibiltzen zinen ezkutaketan lagunekin kalean? Ireki zenion bekainik inori harrika? Zer izan nahi zenuen handitan? Egin zenuen musika ikasketarik, jotzen duzu instrumenturik? Non bizi zara orain?

Besteren bizitzak imajinatzen hasten naiz batzuetan, eta neurea etortzen zait bueltan; zer besterik da literatura?

Erantzuna gehitu