PISA: zuzenak okertuz

2024/02/22
PISA: zuzenak okertuz

 

Ez dakit egia den lehen gehiago irakurtzen zela. Baliteke beharbada literaturak eta oro har kultura idatziak beste pisu bat izatea, baina irakurri, literatura irakurri, oso jende gutxik egin izan du normalean. Eta hala ere, geroz eta jende gehiagok agertzen du kezka gaur egungo gazteen irakurketa mailari dagokionean. Gaur egungo helduen mailari buruz ez da seguru asko ikerketarik ere egiten, ikustekoak lirateke emaitzak. Batez ere euskaraz…

Geroz eta jende gehiagok agertzen du kezka, bolo-bolo dabiltza PISA txostenak eta gure ezin gizenak. Jose Mari Pastorrek gai honi buruz idatzi zuen Berrian, 2024ko urtarrilaren 27an, Wittgenstein San Mamesen izenburupean.

Gazteek gero eta gutxiago leitzen omen dute egun. Liburuei buruz ari naiz, ahaztu sare sozialetan idatzitakoa. PISAk argi utzi digu: testuak ulertzeko gaitasuna eskasagoa dugu. Ondorioz, irakurmena lantzeko proposamena egin du Pedro Sanchezek. Nola egingo du?

Diruak, diru hutsak, ezer gutxi konponduko duela adierazi du Gregorio Luri pedagogo nafarrak Vilaweb hedabideari emandako elkarrizketan. Arazoa eta horren konponbidea korapilatsuagoak dira. Luri filosofian doktorea da. Generalitatekin lan egin du hezkuntzaren arloan. Hark jakinarazi duenez, irakurtzea funtsezkoa da ikasleen garapenean. Hiztegia zenbat eta aberatsago eta zabalagoa izan, orduan eta hobeto ulertuko duzu mundua.

Adibide bat jartzen zuen jarraian. Ez dakit, beharbada pentsatu beharko genuke gure simulakro hau luzatzeak merezi ote duen. Edo zer egin behar dugun simulakroa eraitsi eta benetan euskaraz bizitzea posible egin nahi badugu.

Gurean badira unibertsitateko ikasleak, azterketa batean zilegi edo zendu zer den galdetzen dutenak. Madrilen kazetaritza ikasten ari diren gazteek akaso ez dakite lícito edo fallecer hitzek zer esan nahi duten?

Gregorio Lurik irakurketaz esandakoa da hala ere azpimarratzeko modukoa iruditu zaiguna:

Luriren aburuz, irakurtzen ikastea «inoiz amaitzen ez den lana» da. Txikitatik landu behar dugu. «Bederatzi urte izan arte umeek irakurtzen ikasten dute. Bederatzi urteetatik aurrera irakurriz ikasten dute. Irakurriz ikasten duzunean, hiztegia aberatsagoa izaten duzu eta errazago irakurtzen duzu». Ondorioa argi dago: «Bostehun hitz besterik ez baduzu bizirik irauteko, arazoak izango dituzu edozein testurekin. Eta ulertuko ez duzunez, irakurtzea gorrotatuko duzu». Etxeko giroaren garrantzia ere nabarmendu du: «Etxean liburu gehiago dituzten familiek mendeko perpaus gehiago erabiltzen dituzte. Ez dago modu kritikoan pentsatzerik juntagailu barik. Sinplekeria dirudi, baina hala da. Zure haurra autonomoa eta kritikoa izatea nahi baduzu, mendeko perpausak eta juntagailuak irakats iezazkiozu».

Juntagailuak dira, esate baterako, ala, baina, edo, beraz, eta.

Ezagutuko duzu Paperezkoak, ala?

Erantzuna gehitu