Selfie bat norbere noraezari

2024/08/29
Selfie bat norbere noraezari

Ander Izagirrek gaurko bere zutabean akordarazi digunez, gizakiak istorioak kontatuz ematen dio forma munduari. Eta bere buruari. Selfie bat ateratzen dugunean, edozein delarik ere, sentziloena denean ere, istorio bat ari gara kontatzen besteri, eta geure buruari, jakina. Argazki hori sareetan jartzen dugunean nabarmenagoa da istorio bat ari garela kontatzen, bere egitura, bere elipsi, bere narrazio propioarekin, eta besteren erantzunen araberakoa da orduan geure buruari kontatzen diogun istorioa, baina sozialak deitzen diogun sarerik gabe ere, istorioak kontatuz ematen diogu forma munduari.

Kontua da, batzuetan garbi samar ikusten dut, literaturak, istorioak kontatzeko arte horrek, eman zuela eman beharrekoa, erakutsi ziola mundu guztiari nola kontatu istorioak, eta orain ez dagoela literatura idatzi beharrik istorioak kontatzeko. Nahikoa da selfie bat Instagramen; edo selfie bera lagun bati bidaltzea whatsappez. Ez dauka selfie bat izan beharrik ere; bide bazterreko lore baten argazkia izan daiteke, eta hitz batzuk, edo ezta hori ere, akaso jada ez da hitzik behar...

Kontua da, batzuetan garbi samar ikusten dut, istorioari forma bat eman behar zaiola, eta geure buruari kontatzen diogun istorio horrek gaur (ere) emana (eta ezarria) zaigun forma hegemonikoa hartu ohi duela automatikoki, eta ematen duela ez dagoela beste modurik istorio bat kontatzeko.

Ezta geure buruari ere.

Erantzuna gehitu